lagun armatua izeneko liburua aurkeztuko dute gaur Hernanin. Raul Zelik alemaniarrak idatzi du, gatazka politikoa eta pertsonen barne gatazkak ardatz hartuta. Idazlea ez da aurkezpenean izango. Aurkezpena Petra Elserrek bideratuko du eta ondoan izango ditu Edorta Matauko itzultzailea eta Harkaitz Cano eta Juanjo Olasagarre idazleak. 19:00etan hasiko da, Udaletxeko Areto Nagusian.
‘Lagun izoztua’ren haritik
Raul Zelik eta Petra Elser itzultzaileek itzuli zuten Joseba Sarrionaindiaren Lagun izoztua liburua alemanierara. Orduan sortu zitzaion Zeliki Lagun armatua nobela idazteko grina, bere esanetan bere bizitzan irakurri duen «libururik onena» baita. Ondorioz, badaude paralelismoak bi liburuen artean, besteak beste, izenburuan, pertsonaietan eta abar, baina aldea ere bai, jakina.
Gatazka intimoak eta gatazka politikoa
Liburuan gatazka politikoak, Euskal Herrikoak hain zuzen, pisu haundia du, baina pisu haundia dute era berean, pertsonen barruko gatazkek, gatazka intimoek.
Liburuko protagonista Euskal Herrira itzuliko da eta oso estimatua duen aspaldiko lagun batekin egingo du topo. Hark ihesi egiten laguntzeko eskatuko dio; horrek barrenak mugitu eta gatazkak sorraraziko dizkio, politikoak eta intimoak. Itzultzailearen eta aurkezlearen esanetan, era askotako barne gatazkak, baita gai sozialak ere, ikutzen ditu Zelek, eta normalean esaten ez diren gauzak esaten ditu.
Alemaniarra euskaraz
Raul Zelik alemaniarrak euskara ikasi zuen eta «ondo» ezagutzen du Euskal Herria. Liburuaren idazlea, itzultzailea eta gaurko aurkezlea Euskalema euskal eta alemaniar kulturak hurbiltzea helburu duen elkarteko kideak dira.
Aurkezpena Hernanin
Irailean atera zen liburua eta gaur izango da aurkezpen ofiziala Hernanin, besteak beste, publiko aldetik leku egokia iruditu zaielako. Era guztietako gatazketan interesa duten lagunak espero dituzte aurkezpenean; asmoa dute eztabaida eta hausnarketa sortzea.