Herri kontsulta egiteko eskatuko dute plenoan EAJ-PNV, PP, PSE-EE eta Hamaikabat alderdiek

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 25a, 01:00

hamaikabat, PSE-EE, EAJ-PNV eta PP alderdiek atez ateko hondakin bilketa ezar­tzeko herri kontsulta egitea eskatuko dutela azaldu zuten atzo prentsaurrean. Alder­diek «beharrezkoa ikusten dute herritarrek botoen bidez aukeratzea atez ateko sistema nahi duten».

Herri kontsultaren beharra
Alderdien iritziz, «gaiak na­hiko garrantzia du eta hiritarren bizimoduarengan era­gin zuzena du». Horregatik, Tokiko Errejimen Oinarrizko Legearen 71 artikuluari heldu diote, herri kontsulta deitzeko. Legeak dio eragin berezia eta tokiko izaera, eta bizilagunentzako garrantzi berezia duten gaien inguruan herri kontsulta egin daitekeela.

Udal Gobernua aldatzean sistema aldatu
Proposamena izenpetu du­ten alderdiek diotenez, «badakite ez de­la arrazoizkoa udal go­ber­nua aldatzen den bakoitzean zabor bilketa sistema alda­tzea». Alderdien ordezkariek azaldu zuten hernaniarrek aukeratu behar dutela, eta aukeratzen dutena, onartu be­har dutela, baita atez ateko hon­dakin bilketa sistema, bai­na horretarako lehenengo he­rri­tarrei galdetu behar zaiela.

Jendeak kontzientziatua behar
Alderdiek adierazi zutenez, ho­rrelako sistema bat ezar­tzeko «lehendabizi jendeak kontzientziatua egon behar du eta horretarako galdetu egin behar da». Gainera adierazi zuten «sistema jarritzen ez baduzu isunak jasotzeko arriskua dagoela».

Zenbat langile Hernanin
Ordezkarien esanetan, atez ateko hondakin bilketarako 10 pertsona beharko direla adierazi zuten sistemaren bultza­tzaileek; Kataluniako Vilassar de Mar-eko kasuarekin konparatu zuten eta esan zuten, han, hasiera batean, 21 langile izan zirela eta azkenerako 64. Esan zuten, datuak ikusita, ez dituztela sinisten Gobernu Taldeak emandako datuak.

Konpostaje plantaren kostea
Ordezkariak kezkatzen di­tuen beste gaia da Usurbilek, Hernanik eta Oiartzunek el­ka­rrekin egin nahi duten kon­­postaje planta, «egungo Kontsortziotik kanpo egin nahi dutena gainera». Biz­tanle kopuruaren arabera, di­ru gehien Hernanik jarri beharko lukeela esan zuten. Gobernu taldeari galdetu eta honek ez ziela erantzun erantsi zuten.

Eztabaida dago herrian
Ordezkari politikoek azaldu zutenez, Hernanin eztabaida dago gaiaren inguruan eta horregatik abenduko plenoan herri galdeketa egiteko eskaera luzatuko dute. Erantsi zuten, galdeketa eginez gero, bitarte horretan atez atekoa ezartzeko prozedura gelditu egin beharko li­tzatekeela, eta onartuko ba­litz, orduan, jarri.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!