euskaraz hitz egiteko laguntza edo konpainia nahi dutenak eta laguntzeko prest daudenak biltzen ditu Gure Artean Euskaraz egitasmoak. Helburu nagusia da: helduen artean euskaraz aritzeko ohitura areagotzea eta berreskuratzea, euskal hiztunak eta euskaraz ikasten ari direnak edo euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez dutenak elkartzea, eta euskaraz hitz egiteko beste aukera batzuk izatea. Gure Artean Euskaraz, Dobera euskara elkarteak, euskaltegiek, ikastetxeak eta Udalak elkarlanean antolatutako egitasmoa da.
Doan eta erosotasunez
Parte hartzen dutenak talde txikitan edo binaka elkartzen dira, astean behin. Eguna eta ordua beraien arten zehazten dute. Talde bakoitzean, euskaraz hitz egiteko ohitura duen euskaldun bat egoten da. Hala, gehiago dakienak gutxiago dakienari laguntzen dio. Beraz, bi modutan hartu daiteke parte: laguntza jasoz eta laguntza emanaz. Borondatea eta gogoa besterik ez da behar, doan baita.
Sei urteko ibilbidea
Gure Artean Euskaraz orain dela sei urte jarri zen martxan eta urte hauetan jendeak gustora hartu izan du parte. Joan den urtean, 40 herritarrek hartu zuten parte: 30 laguntza jasotzeko eta 10 laguntzeko. Aurten, oraingoz, 27 daude: 23 laguntza jasotzeko eta 4 laguntzeko. Laguntza emateko prest dagoen jende gehiago animatzea nahiko lukete antolatzaileek.
Apuntatzeko aukera,
oraindik bada
Nahi izanez gero, oraindik badago izena emateko aukera, bai Doberan, bai ikastetxe eta euskaltegietan. Informazio gehiagorako deitu telefono honetara: 943 332 799.
HALA BAZAN
Gaur Langile ikastolako bi taldek hartuko dute parte Hala Bazan egitasmoan. Lehenengo taldea 14:30etan bilduko da eta bigarrena 15:30etan. Biak Biterin.
Helburua da 5 eta 6garren mailako ikasleei irakurzaletasuna eta idazteko grina bultzatzea. Ixabel Millet ipuin kontalaria izango da beraiekin.