Gaur 100 urte bete dituzu eta omenaldi txiki bat ere egingo dizute. Zer sentitzen duzu?
Bai, joan den urtetik ari ziren esaten 100 urte betetzen nituela, oraindik betetzeko nituela... azkenean, udaletxeak kontuak atera eta gaur omen da. Nik joan den urtera arte beti jakin izan dut zenbat betetzen nituen, baina sekretuan neraman. Zer axola ote dio zenbat urte betetzen ditudan? Omenaldia egitea eskertzen dut, baina nik ez diot inorri ezer eskatzen.
Nola ospatuko duzu egun hau?
Beti bezala. Ni ez naiz hemendik mugitzen; ezin dut. Hori bai, familiakoak etorriko dira.
Zenbat seme-alaba, biloba eta birloba dituzu?
Bi alaba, 8 biloba eta 12 birloba ditut.
Jaiotzez Hernanikoa al zara?
Ni Soriakoa naiz eta orain dela 50 urte alde egin genuen handik gizonak eta nik bi alabekin. Nekazaritzatik bizi ginen eta egoera txarra zen. Hiru urtez Irunen izan ginen bizitzen eta orain dela 47 urte Hernanira etorri ginen. Orkolagan bizi izan gara, zenbakia ere gogoratzen dut. Nola ez dut gogoratuko ba!
Eta hemen nola joan da bizitza?
Jendearekin ahalik eta ondoen eramaten ahalegindu gara eta lasai bizitzen; inorrekin sartu gabe. Gizona hasieran zerrategi batean hasi zen lanean eta ondoren Orbegozon sartu zen. Nik etxean egin izan dut lan.
50 urte hauetan asko aldatuko zen Hernani, ezta?
Bai, asko. Gu etorri ginenean lau etxe zeuden. Gu bezala etorritako asko ganbaretan bizi ziren. Orain izugarri hazi da.
Zein da 100 urtetara heltzeko sekretua?
Ni hemen nago oraindik, Jainkoak nahi duelako.
Santa Zezilia egunekoa zara, musikarien zaindarien egunekoa. Musikazalea al zara?
Gustatzen zait, bai.