urriaren 16an, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburuordetzak Udalari bidali zion Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren Plataformaren Oinarrizko Proiektua. Urnieta-Hernani tartea izenekoa, udalbatzak horren inguruko txosten teknikoa egin zezan; hau da, aurretik proiektuari buruz egindako Informazio Ikerketa egokia ote zen egiaztatu zezan. Udalbatzak joan den astean, azaroaren 11n, jakinarazi zion Jaurlaritzari Oinarrizko Proiektua Informazio Ikerketaren zehaztapenetatik aldendu egiten dela eta ez zaiela haiei egokitzen. Horrez gain, jendaurreko informazio epea ireki zenean herritarrek Udalari egindako iradokizun eta alegazio idazkiak ere helarazi dizkio Jaurlaritzari.
«2000tik Informazio ikerketarik ez»
Urnieta eta Hernani tartean egingo den Abiadura Haundiko Trenaren Oinarrizko Proiektu horren inguruan, Udalak hartutako erabakia honakoan oinarritzen da: «erreferentziatzat hartu behar den Informazio Ikerketa, Estatuko Azpiegitura idazkariak 2000ko azaroaren 24an onartutakoa da; ez dago beste Informazio Ikerketarik eta horren ingurumen inpaktuaren deklarazioaren egokitzerik onartu denik».
Arraun elkarteko eraikina berreraikitzea exijitu
Aurkeztutako Oinarrizko Proiektu honek zenbait proposamen eta aldaketa ditu aurrekotik. Esaterako, Ibarluze erriberarako proposatutako trazatu berriarekin dagoeneko ez zaie poligono horretan dauden industria pabiloi pribatuei eragiten, baina proposatutako zubibidea Hernaniko Arraun Elkarteko instalazioak dauden udal eraikinaren gainetik doa, eta pilareetako bat oinaren barruan kokatzen baita, eta horrek eraikina botatzea dakar derrigor, udalak azaldu duenez. Hori dela eta, «Udalbatzak honako exijitzen dio: botaz gero, berregin dadila».
Horrez gain, Udalak dio ez direla onargarriak GI-3410 errepiderako (Goizuetara doana) proposatzen diren sestra aldaketa eta desbideraketarako ematen diren irtenbidearen ezaugarriak. Azaldu duenez, «errepide hori industrigune haundi baterako sarbidea da (Ibarluze, Lizarraga, Lastaola eta Epele) eta etxebizitza gune baterakoa ere bai (Epele eta Ereñotzu) eta, horrenbestez, intentsitate haundia duen errepidea da, industri ibilgailu astunen zirkulazio haundia duena.
Exekuzioari hainbat kontu
Trenbide zati honen Exekuzio Proiektua egiteari dagokionez, Udalbatzak hainbat kontu aipatu dizkio Jaurlaritzari, dokumentu horretan proposatzen diren irtenbide teknikoetan kontuan hartuak izan daitezen.
Udalbatzaren arabera, dokumentuak argitu beharko lituzke, «Urumea ibaiaren ibarra (Altzueta) gurutzatzen duen zatirako proposatutako trazatu berriak sortzen dituen paisaje eta ingurumen arloko eta erabilera publikoek izango duten afekzioak eta konponbideak proposatu». Horrez gain, soinu eraginari buruzko informazio zehatza emateko eta obrak bukatu ondoren lurrak lehengoratze aldera zer nolako neurri hartuko diren zehazteko eskatu du Udalak.
Udalari ere bidezko iruditzen zaio azpiegitura berria gutxieneko ingurumen irizpide batzuen arabera proiektatzea.