abiadura Haundiko Trena, Urnieta eta Hernani bitartean nondik-nora joango da? Eta zein ezaugarri izango ditu? Trazatu hori orokorrean deskribatzen duen agiria Udalean dago, joan den hileko 16tik. Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sare Berriaren Plataformaren Oinarrizko Proiektua. Urnieta-Hernani tartea izena du agiriak, zehazki. Oinarrizko Proiektu hori Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburuordetzak bidali zion Udalari; helburua, udalbatzak horren inguruko txosten teknikoa egitea; hau da, proiektuari buruz aurretik eginda zegoen Informazio Ikerketa eta oraingo Oinarrizko Proiektu hori bat ote datozen egiaztatzea. Jaurlaritzaren esanetan, «Oinarrizko Proiektuak helburua du, egokia dela erabakitzen bada, lehendabiziko lanak hastea, eraikuntza kudeatzen duen Administrazioaren aldetik: Desjabetze Espedientea (expropiazioa), azkeneko Koordinazioa egitea inplikatuta dauden Erakunde eta zerbitzuekin, baimenak eta administrazioen arteko akordioak zehaztea, eta abar».
Informazio Ikerketatik
zenbait aldaketa
Goian aipatutako Informazio Ikerketa horren onarpen teknikoa, Sustapen Ministerioko Azpiegitura eta Garraioen Estatu Idazkaritzak egin zuen, 1998ko maiatzaren 27an, eta erabateko onarpena, 2000ko azaroaren 24an egin zen.
Jaurlaritzak Udalari bidalitako dokumentuak dioenez, «ondoren, 2003ko urrian, ADIFek Urnieta-Hernani tartearen Oinarrizko Proiektu bat erredaktatu zuen, zehazten zuena, Hernaniko zein etxebizitza eta negoziok jasango zuten afekzio larria».
2006ko apirilaren 24an, Jaurlaritzak Euskal Trenbide Sareari agindu zion, Euskadiko Trenbide Sare Berriaren Plataformaren Eraikitze Proiektu berri bat erredaktatzeko, Urnieta-Hernani tarterako, «aurreko proiektua eguneratzeko asmoz».
Horrez gain, dokumentuak dio, lehen aipatutako eraikinak ahalik eta gutxien afektatzea funtsezkoa jo dela trazatua zehazterakoan: «hala, trazatua behar bezainbeste mugitu ahal izan da, eta horrela, Urumea gaineko bidezubiraino doan trazatuak behartu ez dezan eraikin horiek desjabetzea. Bidezubiaren pilareen altuera eta kokapenaren bidez ere, etxebizitza eta negozio horiek jasan ditzaketen afekzioak murriztu nahi izan dira». Baita ere dio, proposamenak lurzoruan duen trazatuari esker, Azkonobieta Baserriak eta Urnieta udalerriko hagin bakarrak jasan lezaketen «afekzioa saihestu» ahal izan dela tartearen hasieran.
Urnietatik Hernanira
tunelean iritsiko da
AHTa
Dokumentuan proiektuaren deskribapen orokorra ere biltzen da. Horren arabera, proposatutako trazatuak, Urnieta-Hernani tarteak, 5.250 m inguruko luzera du, eta GI-131 errepidearen (Andoain-Donostia) ekialdetik 230 metrora hasten da, gutxi gorabehera, Urnietako udalerrian. Abiadura Haundiko Trena, Urnietatik tunelean iristen da Hernanira, Azkonobieta Baserritik 42 metrora hegoaldetik, eta 330 metrora Urnietan dagoen hagin bakarretik. Ondoren, Uban errekaren gainetik pasatzen da, 170 metroko luzerako zubi batean, eta Hernanin sartzen da. Trazatuaren ardatza 22 metrora doa Gure Ametza etxebizitzaren mendebaldetik.
Trazatuak aire zabaleko tarte batean jarraitzen du 780 metroko luzera duen Urumea ibaiaren gaineko bidezubiraino. Bi bidezubien artean kokatutako eremu horretan, aurreikusita dago bi bide lehengoratzea eta drainatze-obra bat jartzea 3+230 km-puntuan kokatutako ibar-bidean.
Ibarluze industriagunea eta Altzueta sagardotegi inguruaren gainetik
Urumea ibaiaren gaineko bidezubiak gainetik zeharkatuko ditu Altzueta-Iparragirre-Elorrabi sagardotegien lurrak, Urumea ibaia bera, eta Ibarluze industrialdea (sagardotegiak bidezubiaren ardatzetik 16 metrora geratzen dira). Ibarluzen, Arraun elkarteko eraikina harrapatuko du pilare batek.
Urumeako bidezubia tunelean sartuko da hor, Hernaniko tunela deitu diotenean (769 metroko luzerakoa); tunelaren beste aldean, iparraldeko muturra Urumeako Autobidearen azpitik pasako da, hori ahalbidetzen duen egitura baten bidez. Egitura hori Urumeako Autobide horren Eraikitze Proiektuan dago sartua. 4+950 km-puntuan, ibarbide baten azpian pasatzen da meatze-tunelean, «soilik 6,4 metroko sabaia izango du». Horregatik, eremu horretan badaezpadako neurri bereziak hartu beharko direla aipatzen da dokumentuan.
Trazatua 5+248,894 km-puntuan amaitzen da, Zumaiberri etxearen parean, eta bertan lotzen da hurrengo tartearekin (haren Eraikitze Proiektua erredakzio fasean dago gaur egun).