Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailburuordetzak, joan den hilean, Udalari Urnieta-Hernani tarteko AHT zatiaren Oinarrizko Proiektua bidali zionean, jendaurreko informazio epea ireki zuen Udalak, eta epe horretan, herritarrek dokumentua aztertu eta Udalari iradokizunak eta alegazioak egiteko aukera zabaldu zuen. Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkateak Kronikari azaldutakoaren arabera, «Udalak txosten teknikoa egiteko bi aukera zituen: geure irizpideen arabera egitea, edo herritarren ekarpenak bilduta. Guk bigarrena aukeratu dugu eta egindako alegazio guztiak bildu ditugu txostenean». Guztira 17 alegazio sartu ziren Udalean: gehienak partikularrak, auzo elkarteetako bi eta arraun elkarteko eta AHT Gelditu Elkarlaneko bana.
«Eraikin berria leku berean eta jarduera ez etetea»
Arraun elkartekoen kasuan, AHTaren eraginez, eraikina botako dietela azaldu dute, pilare bat bertan doalako. Beraien eskaera da, «botaz gero, beste lokal bat egin dezatela eta lokala han inguruan izatea, Hernanin uretan ibili daitekeen leku bakarra delako». Baina beste kezka bat ere badute: «Lokal berria eginda ere, bitartean zer?». Jarduera ez etetea ere eskatzen dute.
Osotasunean aurka
Osiñaga eta Ereñotzuko Olak auzo elkarteak eta Hernaniko AHT Gelditu Elkarlanak alegazioak aurkeztu zituzten Oinarrizko Proiektuaren inguruan eta hiruek AHTaren proiektu osoaren aurkako jarrera azaldu dute, hau da, proiektua bertan behera uzteko eskatu dute izango dituen ondorio guztiak kontuan hartuta.
Osiñaga auzo elkarteak adierazitakoaren arabera, osotasunean proiektuaren aurka daude arrazoi ekologiko, sozial, ekonomiko eta kulturalengatik. Proiektua bertan behera uzteko eskatzeaz gain, orain arte egindako txikizioa konpontzeko eskatu dute. Eta horrez gain, proiektua gauzatzen erabili behar duten diru kopurua behar sozialetara zuzentzea. Auzo elkarteak azpimarratu du, bere jarrera AHTren kontrakoa dela, baina egiten bada, Hernanin zuzenean eragingo duela Osiñagan, eta eskaera orokorrez gain, auzoari begira ere, eskaera zehatzak egin dituzte, auzoari eta auzotarrei obrengatik sortuko zaizkien arazoak gutxitzeko asmoz.
Zikuñagatik Ibarluzerako bidea segurtasunez
Ereñotzuko Olak auzo elkarteak ere hildo beretik jo du eta arrazoi berak aipatzen ditu Abiadura Haundiko Trena bere osotasunean bertan behera geratzeko eskatuz. Eta obrak egingo balira, auzoari zuzenean eragiten dion tartean honako eskaera egin dute: «Zikuñagatik Ibarluzerako bidean behin eta berriz erortzak izan dira eta orain obrak errepide tarte honetan eragiten duenez, errepidea segurtasun baldintza onetan uztea eskatzen dugu».