Herrian zein ekipamendu egin aukeratzeko, herri galdeketa egingo da bihartik hasi eta ostirala bitarte, eta galdeketan parte hartzea bultzatzeko, jaialdia antolatu zuten atzo, herriko hainbat elkartek. Haize zakarrari eta eguraldi tristeari aurre eginda, gogotsu bultzatu eta zabaldu zen herri galdeketan parte hartzeko deia eta informazioa.
Kontsultaren garrantzia
Jaialdiaren aurkezpena eguerdiko 12:00etan egin zen eta ondoren, herriko talde ezberdinen eskutik, ikuskizun ezberdinez gozatu ahal izan zen. Waterpolo eta saskibaloiko taldeak lokotsak biltzen aritu ziren nor baino nor, eta ondoren, Ttarla dantza taldearen eta Kantuz abesbatzaren emanaldiak izan ziren. Maialen Lujanbio eta Iñaki Zelaia, berriz, bertsotan aritu ziren eta behin eta berriz azpimarratu zuten herri kontsulta eta partehartzearen garrantzia. Jaialdia amaitzeko, Aritz Usandizagaren eskutik, musika emanaldia izan zen.