bertsolari Txapelketa Nagusia 2009ko finalaurrekoen bigarren bueltari ekingo zaio asteburu honetan. Gaur, Gernikako Jai-Alai pilotalekuan izango da saioa eta bertan izango da Beñat Gaztelumendi, honakoez gain: Sutrai Colina, Miren Amuriza, Jone Uria, Igor Elortza eta Jon Martin. Iñaki Zelaia eta Aitor Mendiluzeren txanda izango da bihar. Iruñeako Anaitasuna pabiloian ariko dira honako bertsolariekin: Amets Arzallus, Julio Soto, Onintza Enbeita eta Unai Iturriaga. Finalerdietako bigarren bueltako azken saioa datorren igandean izango da. Donostiako Belodromoan izango da eta bertan ariko da Maialen Lujanbio. Hiru saioak 17:30etan dira.
18 bertsolari lehian
Bigarren buelta honetara 18 bertsolari sailkatu dira. Lehenengo itzulian bildutako puntuei gehitu beharko zaizkie bigarren itzuliko saioetan lortutako puntuak. Bukaeran, puntuaziorik altuena jaso duten zazpi bertsolariek jokatuko dute finala abenduaren 13an, BEC-en, Andoni Egañarekin batera.