vilassar de Mar herrian atez ateko zabor bilketa jarri zen duela urte batzuk, eta ondoren, kentzea erabaki zen. Gertatutakoen inguruko hainbat eskutitz, datu eta iritzi zabaldu dira azkenaldian prentsan. Jordi Colomer, gaur egun San Marko Mankomunitateko aholkularia, eta 2000garren urterik 2006garren urtera Vilassar de Mar-eko Ingurugiro Teknikaria izandakoak, prentsan azaldutako hainbat kontu «gezurtatu» eta argitu nahi izan ditu Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez.
11 lagun aritu ziren, eta ez 64, hondakinak biltzen
Teknikariak azaldu duenez, bera teknikari egon zen garaian, inoiz ez ziren 60 lagun edo gehiago aritu hondakin bilketan Vilassar de Mar-en. Langile gehien izan zen garaian, 2004an, 18 langile aritu ziren lanean, garai hartan etxetako hondakinak eta komertziotakoak aparte biltzen zirelako; bi bilketak bat egin zutenean, 2005etik aurrera, 11 langile aritu ziren denera lanean. Datu horiek ikusteko informearen erreferentzia ere luzatu dio Kronikari.
9-11 langile beharko dira
Bere esanetan, kalkulatu dute Hernanin eguneroko bilketarako bospasei lanpostu sortu beharko direla, ondorioz, 9-11 bat langileentzako lana.
Inoiz ez da zabor ikuskatzailerik izan
Zabaldu den beste zurrumurru bat izan da Vilassar de Mar-en ikuskatzaileak ibili zirela garai hartan zaborrontziak begiratzen. Colomerrek dio hori gezurra dela, «Usurbilen ere ez dago, ez direlako behar. Biltzaileak berak arduratzen dira jasotzen dutena ondo berezitako hondakinak izateaz. Arazoren bat baldin badago, informatzaileak arduratzen dira bizilagunarekin hitz egiteaz, arazoa konpontzeko».
Vilassar-eko udal taldeak gobernua galdu zuen
Zabaldu den beste kontua da atez ateko hondakin bilketa jarri zuen udal taldeak galdu egin zituela hurrengo hauteskundeak eta oposiziora pasa zela. Colomerrek adierazi du, bere ustez, atez atekoarengatik udal talde batek gobernua galdu dezakeela pentsatzea Udal gestioan zerikusia haundia duten gauza asko ahaztea dela. Politika hori baino konplexuagoa dela adierazi du eta zehaztu du, «atez ateko hondakin bilketa proposatu zuen alderdiak irabazi zituela, hain zuzen ere, atez atekoa jarri ondorengo lehenengo hauteskundeak, atez atekoa jarri eta hilabete hutsera».
Kolore guztietako atez atekoa
Ingurugiro teknikari bezala adierazi du Katalunian atez atekoa ezarri den 85 herritan eta Mallorcan ezarri den 40 herritan, bitan besterik ez zaiola eman kutsu politikoa gaiari. «Errealitateak erakusten du, Katalunian kolore guztietako atez atekoak daudela».
Bukatzeko, adierazi du «jende guztia bereizitako bilketaren alde baldin badago, nola egon daitekeen inor hain emaitza onak ematen dituen eta ekonomikoki egingarria den sistema baten aurka. Ez dute nahiko informazio jaso edo ez dute nahi. Bereizitako hondakin bilketa, edo osasuna, edo ingurugiroa ez zaiela inporta besterik ez zait bururatzen».