Hamaikabat: «sortzen diren hondakinek benetako konponbide behar dute, eta ez mirarizko formulak; horregatik herritarrei informazioa ematen jarraituko dugu»

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 18a, 01:00

atez atekoak sortzen di­tuen zalantza eta erresuminak argitzeko asmotan, Her­naniko Hamaikabat alderdiak prentsa oharra bidali du Her­naniko Kronikara. Hamaikabatek dio, alderdiak beharrezkotzat jo duela hitzaldi bat antolatzea, herritarrei azalpenak emateko. Jakinarazi dute Gobernu Taldearen eta Ezker Batuaren botoekin onartutako atez ateko sistema ez dela hondakin arazoa konpontzeko bidea: «gure ustez, atez atekoa osasunaren kontra doan sistema da, hondakin bilketan atzera pausu bat da, garestiagoa da. Horrez gain, bere bultzatzaileek ez dute esaten sistema honekin ez dela saihesten ez erraustegia, ez zabortegia».

«Atez atekoaren ondorio txarren inguruan informatzen segiko dugu»
Hamaikabatek oharrean adierazten du, orain arte egin duen moduan, herritarrak informatzen jarraituko duela atez atekoak ekarriko dituen ondorio txarren inguruan: «sortzen diren hondakinek bebetako konponbide behar dute, eta ez mirarizko formulak. Hamaikabatek, orain arte egin duen moduan, atez atekoak izango dituen ondorio txarren inguruan informatzen jarraituko du».

Hitzaldia izango da bihar Biterin
Herritarrak informatzeko asmoarekin, hitzaldia antolatu du Hamaikabatek biharko. Hitzaldia Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan, eta bertan alderdiak azalduko ditu zein diren beraiek proposatzen dituzten konponbideak. Hizlariak Pedro Ibarra eta Luis Oyarbide izango dira. Pedro Ibarra da gaikako bilketaren eta 5garren kontenedorearen aldeko Usurbilgo bozeramailea. Alderdiak jakinarazitakoaren arabera, gertutik azalduko du usurbildarrak sufritzen ari diren esperientzia. Luis Oyarbide aldiz da Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketako kontseilaria, hau da, mankomunitatearekin batera, hondakinak kudeatzen dituen erakundeko kontseilaria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!