Erakusketa filatelikoa dago Biterin eta Euskal Jaietako seilu-marka ikusgai da

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 18a, 01:00

gipuzkoako Filateliko eta Numismatikako elkarteak erakusketa filatelikoa antolatu du Biterin. Etzi, ostegunean, izango da azken eguna 8 bildumazalek bildutako seilu eta postalak ikusteko. Horrez gain, Hernaniko Euskal Jaien Mendeurrena oinarri hartuta, seilu-marka dago ikusgai. Ikusgai ez ezik, erosteko aukera ere badago seilu-marka hori daraman karta-azala; eta baita ere orain dela bost urte Agustin Karda­berazen omenez egindakoa. Erakusketa ikusi daiteke lanegunetan arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan goizez, 11:00e­ta­tik 13:00etara.

400 eurotik gora seilu-markak
Jose Angel Lopez Gipuz­koako Filateliko eta Numis­matikako elkarteko kideak Kronikari azaldutakoaren arabera, erakusketak egiten diren herrietako seilu-markak enkargatu ohi dizkie elkarteak Correosi eta kasu honetan, Hernaniko Euskal Jaien Mendeurrena hartu da oinarri. Seilu-marka hori egiteak 400 eurotik gorako kostua izan du. Seilu-markak argitaratu den eguneko data darama, aurtengoak joan den ostegunekoa, azaroaren 12koa du.

60 koadro ikusgai
Erakusketan seilu eta postalen 12 bilduma daude ikusgai. Gipuzkoako 6 bildumazaleren 10 daude eta Bizkaia eta Gasteizkoak ere badira bana. Tartean dauden bi bilduma hernaniar batenak dira: Carlos Kintana La­duzenak. Alde batetik, Hernaniko argazki zaharren eta postal zaharren bilduma egin du, eta bestetik, Picasso izenekoa. Lopezek ez daki zehazki zenbat seilu eta postal dauden ikusgai, baina denera, seiluz eta postalez betetako 60 koadro daudela azaldu du.

Mota ezberdinetako zeinuak
Ohiko seilu eta postalez gain, modu ezberdinetako seilu eta postalak ikusi daitezke, hala nola, postal osoak, seilua inprimatua daramaten postalak, orri-blokeak... Eta horrez gain, «seiluak 1840an sortu ziren eta aurretik erabiltzen ziren markak ere badira erakusketan», azaldu du Lopezek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!