hernaniko Arraun Elkarteak irailean hasi zuen denboraldi berriaren prestaketa, eta aurten joan den urteko talde kopuru berdina mantendu du. Hala ere, maila aldaketak eta arraunlari berriek eraginda, badira berrikuntza batzuk. Horrez gain, zuzendaritzan eta Elkarteko pabiloian ere aldaketak izan ditu.
Maila guztietako taldeak
Infantil mailan, talde bakarra izango da, berria. Joan den urteko biak kadeteetara pasa baitira. Hortaz, kadete mailan bi batel izango dituzte. Hala ere, aurreko denboraldiko bi talde haietan baja batzuk izan dituzte, gehienbat neskena. Xabi Gurrutxaga entrenatzaileak adierazitakoaren arabera «aurten ere talde kuriosoa izan behar genuen, baina berritik hastea tokatu zaigu. Sufritzea tokatuko zaigu, arraunlari berriei maila egokia ematea kosta egingo zaielako».
Jubenil mailari dagokionez, taldea osatzea kostako zaiela adierazi du entrentzaileak, arraunlariak badituzten arren, nahikoak ez baitira taldea osatzeko.
Azkenik, aurtengo berrikuntza senior mailan dute. Sei arraunlari batu dituzte, eta seniorren trainerila ateratzekotan dira.
Gauzak horrela, Arraun Elkartea betetzen ari da azken urteetan jarritako helburuetako bat, hau da, maila guztietan taldeak izatea, katea osatzea.
Bi kide berri zuzendaritzan
Aurtengo beste berrikuntzetako bat da zuzendaritzarena. Joan den urtekoak mantentzeaz gain, bi berri izango dituzte, Javi Pastor eta Osoitz Garbizu. Gurrutxagak jakinarazitakoaren arabera, bi lagun berri izango dituzte lanerako, eta giza baliabideak hobetzeko.
Materialean berrikuntza
Talde guztiek entrenetzeko material nahikoa izan dezaten, Arraun Elkarteak beste batel berri bat erostea erabaki du, hortaz, aurten bost batel izango dituzte. Helburua berriz, sei batel izatera iristea da. Horrez gain, jakinarazi dute arraun berriak ere erosi beharko dituztela.
Denoraldi berria prestatzeko, elkartearen pabilioian ere egin dituzte berrikuntzak: bi ergonometro berri ere erosi dituzte. Entrentzaileak dioenez, orain helburu dute lantxa bat erostea, txalupen ondoan ibili ahal izateko.
Diru laguntzak lortzeko saiakerak
Azkenik, urte amaierarako errifak eta egutegia ateratzeko asmoa dute, xoxa batzuk ateratzeko helburuarekin. Horrez gain, inguruko enpresetan ere badabiltza diru laguntzak lortzeko ahaleginak egiten.