Kronikarekin elkarlanean beste kanpaina bat duzue...
Kronikak proposamena egin zigun eta gustora hartu genuen. Guretzat ere onuragarria zen eta juntan bi modutara enfokatu genuen ideia: pentsatu genuen modu bat zela herriko beste kolektibo batekin elkarlana bultzatzeko eta aldi berean, modu bat zela gure komertzioetan erosten duen jendea saritzeko. Izan ere, opariak gure komertziokoak dira eta errifak ere gure komertziotan saltzen dira, besteak beste.
Gure helburua da komertzio txikiari bultzada ematea eta jendeari laguntzea hobeto eramaten bere egoera ekonomikoa.
Zer moduz dijoa?
Nahiko motel, baina nik uste orokorrean dena, baita loteria ere. Guk urtero ateratzen dugu Gabonetako loteria eta beste urtetan, garaiotarako dagoeneko erdiak salduta egoten dira, eta aurten oso gutxi saldu dira.
Eta saskiak zer iruditzen zaizkizu? Mota ezberdinetako sariez osatutako saskiak dira...
Bai, bai. Saski oso oso majoak dira. Gerta liteke gauza batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzea, baina oso ondo daude opariak. Baina orokorrean geldirik dago dena. Komertzioa geldirik dago eta gero eta jende gutxiago sartu dendan, gero eta jende gutxiagok ikusten ditu errifak, eta beraz, gutxiagok erosten dute.
Oparitzen ari denik ere ba omen da.
Bai, zenbait establezimendutan ari dira egiten hori. Zerbait erosten baduzu, oparitu egiten dizute errifa, eta beraiek jartzen dute diru hori. Ideia ona iruditzen zait.
Erosle aldetik motel, baina merkatariak asko inplikatu dira, ezta?
Bai, bai. Erantzun ona izan dute. Nik uste merkatariek gauza berriak egiteko gogoa dutela negozioari bultzada emateko. Lehengoan dendari batek komentatu zidan, aterki bat bakarrik saldu zuela egun hartan, eta horrela ezin da mantendu denda bat. Modu honetan beraiei laguntzeko aukera ikusten dute eta aldi berean baita Kronikari ere. Ni pertsonalki pozten naiz beraiengatik eta baita Kronikagatik ere. 5.000 errifak saltzea lortuko balitz, ederra litzateke.
Azken finean lehen esan dudana, herriko kolektibo ezberdinak elkarlanean gauzak egitea ona da. Denok gaude gauza beraren alde borrokan, denok nahi dugu herria ez hiltzea. Nik askotan entzun izan dut joe, Hernanin komertzio gutxi dago... Noski, hau dena kate bat da. Jenderik ez badator, komertzioek itxi egiten dute eta berri bat sortzeko gogorik ez da izaten.
Zer esango zenioke jendeari errifak erostera animatu dadin?
Ez dela ohiko saski horietakoa. Ez zaizkiola tokatuko betiko urdaiazpiko eta turroiak. Aukera paregabea izango duela zerbitzu eta produktu mordoa lortzeko, kontuan izanda, ordaindu beharko balitu, dirutza ordaindu beharko lukeela. Saski interesgarria da. Edozein familiari etorriko zaio ondo. Baten batek tokatutako zerbait behar ez badu edo ez badu nahi, familiako beste norbaiti balio diezaioke.
Gainera, asko gustzen zait nahastuta egotea produktuak eta zerbitzuak, hala nola, aho garbiketa eta kutis garbiketa, bidaia... Ez da Gabonetan mahaiaren erdian jarri eta jango den saskia; urtean zehar zerbitzuak izateko aukera ematen dizu eta osagarri mordoa familiako ekonomiari laguntzeko. Dauzkazu oinetakoak, arropa, garbiketa... Horrelako gauzek gastuak arintzen lagundu dezakete. Saski normal batek Gabonak hobeto pasatzen laguntzen dute, baina besterik ez.