GABONAK gainean dira eta garaiotan ohikoak izaten dira kontsumoa bultzatzeko kanpainak. Berriak Hernaniko Merkatarien eta Ostalarien elkarteak ere, ez du hutsik egin aurten, eta kanpaina bat ez, bi jarri ditu martxan. Saltzaileek ez ezik erosleek ere onurak izatea nahi du Berriak elkarteak, bi kanpaina horien bidez.
Hori horrela, alde batetik, Erosketa Bonifikazio kanpaina antolatu du eta erosketak Berriak-eko txartelarekin egiten dituztenei bonoak banatuko dizkiete. Eta bestetik, Kronikarekin elkarlanean, sari bereziekin osatutako saskien zozketa dago. Zozketa horiek abenduaren 19an egingo dira, baina beste kanpaina dagoeneko abian da. Azaroa eta abendua bitartean banatuko dituzte erosketa bono horiek. Hala azaldu dio Kronikari Mertxe Jimenez Berriakeko idazkariak: «Normalean abendura zuzentzen dugu kanpaina, baina aurten azarotik hasiko gara. Ahalegin txikiak egiten ditugu jendeak ikusi dezan, ez direla komertzio haundiak bakarrik opariak ematen dituztenak. Guri gehiago kostatzen zaigu, baina saiatzen gara zer edo zer egiten».
Erosketa bonoak opari,
azaroa eta abenduan
Jimenezek azaldu bezala, aurtengoa ez da lehenengo aldia Gabonetan kanpaina bat egiten dutena, baina aldatuz doaz. «Gabonei begira beti egin izan dugu kanpainaren bat edo beste. Joan den urtean esaterako, ohi bezala, abendurako antolatu genuen eta sari moduan, bezeroei erosketaren bat dohainik izateko aukera eman genien». Aurten, erosketa bonoak banatuko dituzte eta orain arte egin ez bezala, azarotik hasita. Honek esan nahi du: «jendeak erosketak Berriak txartelarekin ordaintzean, bezeroek aukera dute bono horietako bat tokatzeko. Tokatuz gero, hurrengo erosketan, txartelarekin ordaintzean, deskontatu egingo litzaieke tokatutako diru kantitate hori». Banatuko diren bonoak honakoak izango dira: Azaroan, 10 euroko 80 bono; eta 20 euroko 5. Abenduan, berriz, 10 euroko 40; 20 euroko 10; eta 50 euroko 10 bono.
Helburua, jendeari eskertzea eta laguntzea
Kanpainaren helburuari dagokionean, hala azaldu du Berriakeko idazkariak: «Guk azpimarratu nahi dugu sari hauen helburua dela jendeari eskerrak ematea Hernaniko komertzioetan erosten jarraitzen dutelako. Horrez gain, lortu nahi da ere, krisi garaiotan jendeak ez alde egitea eta bertan erosten jarraitzea. Krisiak komertzioei eragin die, eta baita bezeroei ere, eta kanpaina honekin, hau da, bonifikazioekin lortu nahi da jendeari erraztasunak ematea momentu hauek pasatzeko».
Bonoak gastatzeko eperik ez
Berriak-eko txartela erabiliz lortutako erosketa bonoek ez dute eperik. Lortutako diru kantitatea txartelean gehituz joango da. «Adibidez, 20 euroko saria tokatzen zaionari, hurrengo erosketa egitean 30 euroko gastua baldin badu, tiketean aterako zaio erosketak 10 euroko kostua izan duela», dio Jimenezek.
Berriak txartela egin nahi duenak aukera du Berriak elkarteko edozein establezimendutan. Bertan dauden eskabideak betetzea aski da.
Caja Ruraleko hitzarmen bidez
Berriak elkarteko junta astelehenero biltzen da eta halako kanpainak sortzeko eta bultzatzeko ideiak lantzen dituzte, besteak beste. Baina horrez gain, Berriakeko idazkariak esan duenez, «Caja Ruralekin dugun hitzarmenaren bidez ateratzen dira aurrera. Berriak txartela bere bidez sortu da eta berak esaten digu aurten zerekin lagundu gaitzakeen, zenbateko diru kantitatea emango digun... Hortik sortzen dira kanpainak. Urtetan %5eko beherapenen kanpaina egin dugu; erdia kutxak jartzen zuen eta beste erdia komertzioek. Iaz erosketa dohainik ateratzekoa jarri ganuen eta aurten pentsatu dugu erosketa bonoena jartzea».
Berriak elkartearen eta Hernaniko Kronikaren Gabonetako zozketa
Kanpaina gehienak Caja Ruralekin gauzatzen badituzte ere, Berriak elkartea saiatzen da Hernaniko beste kolektiboekin batera elkarlanean aritzen eta oraingo honetan, Hernaniko Kronikarekin ari da Gabonei begira.
Elkarlanean, Gabonetarako opariz betetako saski batzuk zozketatuko dituzte. Sariak Berriak elkarteko kideek jarritakoak dira eta sari guztiak jasotzean, saski ezberdinetan banatuko dira. Zozketa egin aurretik Hernaniko Kronikak argitaratuko du zenbat saski izango diren eta bakoitzean joango diren sari guztiak zeintzuk izango diren. Orain artean, produktu eta zerbitzuetan, denda ezberdinetatik 40tik gora sari bildu dira.
Abenduaren 19an
zozketa Biterin
Guztira 5.000 errifa jarri dira salgai. Berriak elkarteko establezimenduetan eta Hernaniko Kronikako banaketa puntuetan daude salgai, euro baten truke. Saskien zozketa abenduaren 19an izango da Biterin, eguerdiko 12:00etan.