hernaniko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak salatu ditu presoen bisiten inguruan Espainiar Estatuak hartutako neurriak, Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharraren bidez. AAMk dio, joan den asteburua «oso latza» izan zela euskal preso eta euren senideentzat. Adierazi dute, Madriletik espetxeetara bidali duten zilkularraren ondorioz, presoen senide eta lagunak katxeatu egiten dituztela, bisiten aurretik: «bisitetara sartzeko igaro behar diren kontrol eta metal detektagailuak ohi bezala pasatzeaz gain, sendien gorputzak banan-banan ukitu eta arakatu zituzten».
«Espetxe ugarietan bertan behera geratu ziren bisitak»
Oharrean dio, azken neurri hauen ondorioz, euskal presoen bisita asko bertan behera geratu zirela: «senide eta lagunek uko egin zioten bisitetara sartu aurretik katxeatuak izateari. Huelva, Almeria, Curtis, Bonxe, Herrera, Soria, Murtzia, Villena, Teruel, Jaen, Castello eta Puerto IIn, orohar, 21 aurrez aurreko galdu ziren senide eta lagunen aurkako umilazio eta saiakerak zirela eta. Gari Arruarte eta Marta Igarriz hernaniarrak ere bisitarik gabe geratu ziren, senideak bidai luzea egin ostean, bis a bisik gabe geratu ziren. Gainera, Iñaki Peña preso bilbotarraren aita atxilotua izan zen, nahiz eta gero askatu zuten».
Baita ere, prentsa oharrean jakinarazten dute zeintzuk izan ziren bisita izan aurretik palpatuak egin zituzten espetxeak: «Jaen II, Villanuebla, Algeciras, Foncalent, Valencia III edo Segoviako espetxeetan senide eta lagunak palpatu zituzten. Kasurik larrienetarikoa Soto del Realen gertatu zen. Bertan, ume txikiak ere goitik behera palpatu zituzten, hauen negar, beldur eta garrasi artean».
«Asteburu honetakoa beste kapitulu beltz bat izan da»
AAMk jakinarazi du, etengabeak direla Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aurka hartzen ari diren neurriak: «Espetxe politika kriminal hiltzaile honek beste kapitulu beltz bat idatzi du asteburu honetan. Aurrez erabali dituzten neurrien porrotak eraman ditu neurri berriak pentsatzera, eta martxan jartzera. Jazarpen berri hau kolektiboarekin amaitzeko duten estrategiaren barruan kokatzen dugu».
Hala ere, AAMek esan du ez dutela elkartasunarekin amaituko eta ez dituztela euren helburuak lortuko: «Senide eta lagunek erakutsitako duintasuna txalotzen dugu, eta euskal preso politikoek gure babesa, lana, maitasuna , elkartasuna eta kontaktu fisikoarekin kontatzen jarraituko dute».