Joseph Kennedy eraildako bi politikariren senitartekoa da: Robert Kennedy AEBetako Senadore izandakoaren semea eta John F. Kennedy Presidente izandakoaren iloba. 1968 urteko abuztuaren 6an, Donostiara bidaia egitea erabaki zuen lagun batzuekin batera. Bide batez, inguruko herriak ezagutzeko aprobetxatu zuen; horien artean, Hernani. Donostian, ´Polaris` yatea hartu eta itsasoan barrena, Getariara joan, handik Hondarribiara arrantzara eta ondoren Jaizkibelera iritsi ziren bainu bat hartzera. Kostaldea utzi eta Hernani ezagutzeko astia ere hartu zuen estatubatuar gazteak. Izan ere, txirrindularitzako lasterketa batean parte hartu nahi zuen. Bizikletak prest zituzten eta lasterketa Hernani eta Urnieta artean izan zen. Charles Mac Dermont laguna izan zen garaile.
Santa Barbaran eskalatzen
Hernaniko egonaldia ez zen hor amaitu. Izan ere, Santa Barbarara eskalada egitera joan nahi zuen Kennedyk. Bi euskal alpinista profesionalek lagundu zieten: Alberto Arregik eta Luis Baldak. Santa Barbara gaineko aldetik ikusten den paisajeari begira aritu zen eta zeharo txundituta geratu zen bertako bistekin eta bizitakoarekin. Garai hartako ´El Diario Vasco` alean azaltzen denez, kirol hori Gipuzkoako mendietan praktikatzea gustatuko litzaiokeela esan zuen. Eta harekin egon zirenek Santa Barbaran egin zuen eskalada saioa ez zuela erraz ahaztuko baieztatu zuten. Artxiboetan badira Hernanin atera zizkioten argazkiak: Gudarien plazan, bizikletarekin, eta Santa Barbaran eskalatzen.