Kultur Etxea eremu berri honetara bidaltzen bada, egun Kultur Etxeak duen eraikina, Kale Nagusian kokatzen dena, oso-osorik sagardo mundura bideratuko da. Hori dela eta, hainbat herritar ez daude honekin batere ados eta euren desadostasuna adierazteko, sinadurak bildu eta instantziak ( eskariak ) egin dituzte.
Egungo kultur etxea
herritarren zerbitzurako
Zenbait astigartarrek azaldu digutenez, euren desadostasuna ez dator Kultur Etxe berri bat egitearekin, ezta hau lekuz aldatzearekin ere. Eurek aldarrikatzen dutena da egungo Kultur Etxea, jabetza pribatukoa dena ( ez Udaletxearen jabetza ) eta erabilera publikorako zuzenduta dagoena, herritarren zerbitzurako izaten jarraitzea. Garbi utzi nahi izan dute ere, ez daudela Sagardo Etxea egotearen aurka, baina eraikin horri zeregin hori ez dagokiola adieraziz, horretarako ez erabiltzea eskatzen dute.
Sinadurak biltzen aritu dira
hainbat herritar eta talde
Herritarren proposamena zera da: beste Kultur Etxe baten beharra baldin badago, oraingo eraikinean ekintza pare bat egitea eta gainontzekoak Kultur Etxe berrian. Hori dela eta, ideia kaleratu zenean, duela bi urte inguru, sinadurak bildu zituzten. Hainbat herritarrek eta hainbat komertziok ekin zioten bilketa honi. Baina, Udaletxera aurkeztu zituztenean, Kultura Sailetik gaia itxita zegoela esan zieten; Diputazioa, Eusko Jaurlaritza, Udaletxea eta herriko Erakunde Kulturalak ados zeudelako.
Herritarren eskaerak
kontuan hartuko dira
Dena den, gaia ez zegoen guztiz itxita, eta arazoak gaur arte iraun duenez, aurtengo irailan, Udaletxeak epe bat zabaldu zuen nahi zuenak instantziak helearazteko.
Epe hori irailaren 21ean amaitu zen, eta astigartar batzuk esan digutenez, oraindik ez dute inolako berririk jaso honen inguruan. Hala ere, herriko gobernuak adierazi du herritarren parte hartzea eman dela eta ekarpen horren laguntzaz agiria modu egokian garatu dela.
Eraikin berezia, plan berezia
Bestetik, Kultura Sailetik azaldu digute, eraikin horren erabilerarako plan berezia egin dela. Hau da, eraikinak berak, eta baita bere inguruak ere, izango dituzten helburu eta garapenari dagokion plana. Baina, honi dagokionez, oraindik ezin da ezer zehatzik esan.