Astigarragak hirigintza planaren behin-betiko onarpena jaso du

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 8a, 01:00

Astigarragako Udaletxeak urria­ren 9ko plenoan Ergo­biako ibilbideko plan orokorra onartu zuen. Beraz, behin-behineko onarpena zuten eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lizentzia emateko zain zeuden. Hau izan zen azken pausua, urriaren 20ean eman zena, eta baiezko borobila jaso zuten. Honela, hain luze iraun duen prozesu honek behin-betiko lizentzia jaso du. Gobernuak pozez hartu du azken onarpen hori, eta euren hitzetan `plan honi esker geuk, astigartarrok, erabaki ahal izan dugu eraiki nahi dugun Astigarraga `. Baimen hori lortuta, plana aurrera eramateari ekingo diote laister. Horretarako, 94.000 metro karratuko azalera erabiliko da, Astiga­rra­gako Bidebitarte industriagunetik Ergobia auzoraino doan lur eremua, hain zu­zen ere. Lur zati horretan, 800 etxebizitza, Kultur Etxea eta bi eraikin berezi eraikiko dira.

Lana hiru fasetan egingo da
Lehendabiziko fasean, etxebizitza mota ezberdinak eraikiko dira. Lehenengo eraikinak, itundutako 120 etxebizitza libre izango dira eta hauen inguruan egingo diren supermerkatu, parkea, eta abar. Hau guztia, bi urte barru bukatuta egotea espero da. Ondoren, babes ofizialeko 160 etxe egingo dira. Eta azkenik, Kultur Etxea. Bigarren fasean, gainon­tzeko etxebizitzak eraikiko dituzte, beraz, 500 inguru. Hauek, ordea, salmenta askekoak izango dira. Azkeneko fasean, hau da, hirugarrengoan, bi eraikin berezi egingo dira; bata, hotela bilakatuko dena, eta bestea, zenbait bulego jasoko dituena. Kultur Etxearen nondik norakoak Udala eta eraikitzaileen artean hitzarmen bidez erabaki da Kultur Etxe berria eraikitzea. Kultur Etxe barruan zer eskainiko den oraindik guztiz ze­haztuta egon ez arren, bertan eskaini nahi diren zerbi­tzu zein guneak hauek dira: liburutegia, bilera gela bat, batzar zein erakusketa txikientzako gela, biltegia, euskaltegia, dantza gela, eskulanetarako gelak, entzutegi handi bat, KZgunea (gazteei zuzendutako in­for­mazio gu­nea), orain Kale Nagu­siko 23.ean koka­tzen den gaztelekua; eta azkenik, kiroldegi azpian dagoen Musika Eskola. Hau da, oraingo Kultur Etxean jasotzen diren zerbitzuak eta beste ba­tzuk bilduko dira Kultur Etxe berrian. Ho­rregatik, 3.500 me­tro karratu inguruko azalera bideratuko da horretarako.

Gabeziak asetze aldera
Kultur Etxe berri hau eraiki­tzearen ideia orain dagoenaren gabeziak asetu nahiean sortu zela azaldu digute Kultura Sailetik. Eremu horretan eraikitzeko aukera eman zitzaienean, kultur ekintzak leku berean biltzea egokia izango zela pentsatu zuten. Lehen esan bezala, orain jaso­tzen direnak eta baita KZgunea zein Musika Eskola ere. Beste alde batetik, gaztelekua bertara eramateko asmoa dago, baina oraindik ez da guz­tiz hitzartu gazteekin. Be­raz, aukera emango balitz hau ere bertan bilduko litzateke.

Auditorio baten beharra
Hau guztiaren gainetik, ideia mugitu zuena entzutegi edo auditorio baten beharra izan zen. Euren ustez, entzutegi honen beharra ez da soilik kultur arlokoa, baizik eta herriko gabezia bat. Esaterako, ikastolak ez du horrelako leku publiko bat bilera handi bat egin ahal izateko; beraz, ez da oraingo Kultur Etxea txikia gelditu izana arrazoi nagusia, ekitaldi handi bat eskaintzeko baldin­tzak ez betetzea baizik.

Ideia lehiaketa
Kultura arduradunaren esanetan, hau guztia nola gauzatu daitekeen erabaki­tzeko ideia-lehiaketa bat egingo da, kulturan dauden beharrak azaldu eta arkitektoek eraikitzeko ideiak emango dituzte. Ideia guztien artean egokiena dena aukeratuko da. Lehiaketa hau nola egingo den oraindik erabakitzear dago. Hala ere, ia segurua da lehiaketak prozedura irekia erabiliko duela. Finantziazioa, eraikitzaileen esku geldituko da. Ekipamendua ez, baina proiektua eta eraikina eurek finan­tziatuko dute. Kulturakoek aspalditik zuten Kultur Etxe berria eraikitzeko nahia, baina dirua zen arazo. Horregatik, aukera eskaini zitzaienean sortu zen ideia berri hau. Azkenik, lehiaketa bukatzen denean eta ideia egokiena aukeratutakoan, herri-kon­tsulta egingo dela ziurtatu digute Kultura Sailekoek, nahiz eta hau ez den binkulantea izango.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!