Itzalaldi analogikoa Hernanin «Jarritako epea betetzea ez da posible izango Hernanin»

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 7a, 01:00

DIRUDIENEZ Hernanin ga­ra­iz dabil gehiengoa Lurreko Telebista Digitalaren egoki­tze­ari dagokionean. Hala azal­du diote telebista alorreko herriko zenbait dendarik Kro­nikari. Dena de­la, Patricio Al­da Telemarreko antenazale eta teknikariaren esanetan, ja­rritako epea ezingo da bete Her­nanin. Eta Hernanin bezala, Gipuzkoako hainbat herritan ere ez. «Errepikagailuak LTDrako moldatu egin behar dira eta Gipuzkoan, oraindik, asko daude moldatzeko. To­pea api­­rilaren 3an jarri dute, bai­na Gipuzkoan ezingo da be­te», azaldu dio Kronikari.


Jaizkibel eta Santa Barbarako errepikagailuak prest
Hernaniko gehiengoak Jaizki­beletik zuzenean eta Santa Bar­barako errepikagailutik har­­­tzen du seinalea, eta hori­ek mol­datuta daude. Jaizki­be­le­koa 2005ean egokitu zen; San­­ta Barbarakoa, berriz, orain dela 3 hilabete, gutxi go­rabehera. Ereño­tzukoek, or­dea, Arron­don dagoen beste errepikagailu baten bidez har­tzen dute seinalea. Aldak azaldutakoaren arabera, «errepikagailu hori molda­tzeko dago orain­dik, eta gainera, Gipuz­koako azkenetarikoa izango da».


Ereñotzun, batzuk, satelitez
Ereñotzun dagoen errepikagailua guztiz moldatu gabe dago oraindik. Aldak dionez, LTD bidez telebista ikusteko bi kanal bakarrik daude jarrita, EITB eta TVE taldekoak. Horrez gain, teknikariak azaldutakoaren arabera, errepikagailua moldatuta ere, Ere­ñotzuko zenbait gunetan ez da koberturarik izango. Bertan ez dute aukerarik izango antena bidez LTD ikusteko. «Sa­te­lite bidez egin beharko dute horretarako antena parabolikoa jarrita. Esaterako, Benta Be­rrin, Ugaldetxon... Dena de­la, oraindik ikusteko dago no­la egingo den». Beraz, epea ja­rrita egon arren, luze joko du analogikotik digitalerako moldaketak.



ZENBAIT DATU INTERESGARRI

Sintonizadoreak erosteko aukera zabala
Kobertura izanda eta antena prestatuta, Lurreko Telebista Digitalaren sintonizadorea jartzea besterik ez dago, eta sintonizadorea erosteko aukera zabala dago Hernanin. Kronika etxeko-tresnak saltzen dituzten denda batzuetan izan da begiratua bota­tzen, hala nola, Balantxa, Telemar, Amegar eta Anexo. Prezioak 30-60 euro inguruan dabiltza. Diferentzia, tamainan, markan eta edukian dago. Batzuk telebista ikusteko bakarrik dira; beste batzuk eurokonektorerik gabe konektatzen dira zuzenean telebistara; USB grabatzailea edo pendrive-a sar­tzeko aukera ematen duenik ere bada, hala, bertan gordetako edukiak telebistan ikusteko edo telebistatik bertara grabatzeko... Horiez gain, LTDa dakarten telebistak ere badira.

Telebista-programak ia bikoiztu
Egun, LTD bidez, kanal ezberdinetako 28 telebista-programa ikusi daitezke Herna­nin, Euskal Autonomia Erkidego osoan be­zala: TVE taldeko 5, A3ko 3, T5eko 3, Cua­troko 3, Net-eko 2, La Sextako 2, Veoko 2, EITBko 4 eta tokikoak 4. Espero denez, 2010ean EAEko etxe bakoitzak 11 kanal digital izango lituzke, hau da, 44 telebista-programa: TVEko 8, A3ko 4, T5eko 4, Cuatroko 4, Neteko 4, La Sextako 4, Veoko 4, EITBko 8 eta tokikoak 4.


Ordaindu beharreko kateak
Orain ikusi daitezkeen 28 kate horietatik bakarra da ordaindu beharrekoa: Gol TV. Hori ikusi ahal izateko sintonizadore berezia behar da. Sintonizadore horiek garestiagoak dira, 95 eurotik gorakoak. Sin­tonizadore hauek txartel bidez funtzionatzen dute. Kontratatzen den kateko txartela sartzen zaio sintonizadoreari. Gerora, kate gehiago izango dira ordaindu beharrekoak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!