Itzalaldi analogikoa Lurreko Telebista Digitalak (TDT) betiko itzaliko du telebista analogikoa

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 7a, 01:00

DENBORA asko pasa da, 1926an, John Logie Baird fisikari britainiarrak lehenengo telebista sortu zuenetik. Urte luze hauetan aldaketak izan ditu etxeko tresna ‘garrantzitsuenetarikoak’ eta azkenekoa, itzalaldi analogikoak dakarkio. Orain arteko telebista analogikoa behin betiko desagertuko da. Berez, zehaztutakoaren arabera, Estatu espainiarrean, apirilaren 3an izango da itzalaldi analogikoa. Hortik aurrera, ka­nalek analogikoan igortzeari utziko diote eta telebista ikusten jarraitu nahi duenak Lu­rreko Telebista Digitala (TDT gazteleraz) izan beharko du.

Informazioa ez da jada irrati-uhin moduan hedatuko
Lurreko Telebista Digitala LTD orain arteko telebista analogikoa ordezkatuko duen telebista berria da. Teknologia berri horri esker, informazioa airez transmitituko da, orain arte bezala, baina jada ez da irrati-uhin moduan hedatuko, pakete digital moduan baizik. Bat eta zeroz osatutako paketeak izango dira. Pakete horiek gure etxeetan deskodetu eta irudi, soinu eta datu bilakatuko dira. Uhin horiek garraiatzeko erabiltzen duten plataforma, lurraren gainazaletik gertu dauden uhin her­tziarrak dira, ez dira satelite ezta kableak behar, eta uhin horiek ohiko UHF antena bidez hartzen dira.

Zenbait antena egokitu behar
´Aurre hartu berehalako itzalaldi analogikoari`, ´beharrezkoa da telebistaren instalazio komunitarioa egokitzea LTDaz gozatzeko`, ´konektatu ezazu berehala zure komunitatea LTDra geroko itxaronaldiak saihesteko`... Halako mezuak nonahi irakurri daitezke azken aldian; izan ere, LTDaren aparailua erostea bakarrik ez da nahikoa etxe guztietan. Patricio Alda Tele­marreko antenazaleak eta teknikariak Kroni­kari azaldutakoaren arabera, «bizitza bakarreko etxeetan normalean antenak ez dira moldatu behar eta LTD aparailua, hau da, sintonizadorea erosi eta jartzea nahikoa da». Komu­nidadee­tan, or­dea, antena ego­kitu egin behar da, eta be­re esanetan, komeni da lehenbailehen egitea. Kasu normaletan, hau da, antena on­do dagoen kasu­e­tan, anplifikagailuak jartzea izaten da kontua. Antena moldatzeko pre­zioak ezberdinak dira: ko­mu­nitateko etxebizitza ko­pu­rua­ren arabera, egoeraren arabera, materiala (anplifikagailu se­lektiboagoa den edo ez)... Gu­­txi gorabehera, 600 eta 1.100 eurotan dabiltza prezioak. Beraz, hiru dira eman beharreko pausoak: eremuan ko­ber­turarik baden konprobatu, be­har den kasuetan antena egokitu, eta LTD sintonizadorea jarri.

Arrazoiak: espazioa eta kontrola
Zergatik LTDa? Aldak azaldutakoaren arabera, espazio kontua da. Lehen, kanal analogiko batek irrati espektroan 8 MHz behar zituen eta orain, espazio berean, 4 programa digital sartzen dira. Lehen kanal bakarrak bete­tzen zuen frekuentzia orain 4 kanalek beteko dute. Horren ondorioz, hainbat frekuentzia libre geratuko dira eta, beraz, kanal berriak sortu ahal izango dira. Horrez gain, espektroa hobeto antolatuta egongo da, kontrol gehiago izango da. «Lehen espektroan zehar kanal orokorrez gain, beste kanal mordoa zeuden tartean. Toki guztietan gainera, kanalak ez ziren berdinak eta ez zegoen kontrolik. Ilegalak ere baziren. Orain, kanal bakoitzak bere espazioa izango du toki guztietan eta kontrola zehatzagoa izango da», dio Aldak.

Irudi eta soinu hobea eta interaktibotasuna
Aurrez esan bezala, Telebista digitalak irrati espektroaren erabilera eraginkorragoa (ban­da-zabalera altuagoa) izatea ahalbidetuko du, eta ondorioz, telebista-kate gehiago izango dira. Horrez gain, irudi eta soinu hobea eskainiko du. Te­lebista digitalaren emaitza seinale sendoagoak dira, eta be­raz, ikusi eta entzuten diren edukiak hobetuko dira. Tele­bista digitalak irudi panoramiko formatuan eduki gehiago eskainiko ditu (16/9), hainbat azpititulu eta soinu kalitate hobearekin (CDak eskain­tzen duenaren antzekoa). Baita ere, aukera ematen du, telebista-programak estereoan, soinu inguratzailean edo hainbat hizkuntzatan jasotzeko aukera ematen du. Telebista digitalaren bidez ere, interaktibotasuna bultzatuko da; hau da, ikus-entzuleak telebistako zati aktibo bilakatzea ahalbidetuko du. Analogikoarekin eskaini ezin ziren zerbitzu ugari eskainiko ditu digitalizazioak: lagungarriagoa den teletestu digitala, zerbitzu interaktiboak, interneterako sarbidea, ordainpeko telebista, programen gida elektronikoa, irrati kanalak, multikamera-telebista...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!