hernaniko AHT Gelditu Elkarlanak, Abiadura Haundiko Trenaren aurkako lan taldeak, Kronikara bidalitako ohar batean jakinarazi du taldeak berak proiektuaren aurkako alegazioak aurkeztu dituela udalean. Proiektu osoaren aurkako alegazioa aurkeztu du eta arrazoiak ere azaldu ditu.
Kalte ekologikoak, besteak beste
Alegazioan emandako arrazoiak ere adierazi dituzte: «izango dituen kalte ekologikoak, diru publikoaren xahuketa, lurralde antolaketa desorekatua, nekazaritzan eta abeltzantzan kalteak, garraio eredu aldrebesa, xahutze energetikoa, administrazioaren zorpetzea eta abar».
Diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute
Idatzian erantsi dute, salatu nahi dutela Eusko Jaurlaritzak eta Diputazioek erakutsi duten jarrera, «informazioa ezkutatuz, datu tekniko zein presupuestarioak ezkutatuz eta herriari bizkarra emanez hasi dutelako proiektua». Lantaldeak eskatu du proiektua gelditzea, «benetako eztabaida eman dadin garraio zein ekonomia ereduaren inguruan».
Informazioa ematen jarriko dira azokan
Datorren astean informazio kanpaina hasiko du lantaldeak. Horretarako azokan egongo da lantaldea ostegunean, ibilbideari eta ondorioei buruzko informazioa ematen.