Dobera Euskara Elkarteak, Udalaren laguntzarekin, «euskaraz hitz egiteko gogoa duten, baina praktikatzeko ondoan inor ez duten edo lotsa duten horiei zuzenduta», Gure artean euskaraz mintzapraktika kanpaina jarri du martxan aurten ere. Azaldutakoaren arabera, «elkarri laguntzea da kontua; dakienak ez dakienari laguntzea. Borondatea eta denbora pixka bat besterik ez da behar». Bi edo lau pertsonako taldeak osatzen dira eta astean ordubetez biltzen dira euskaraz hitz egiteko. Non, norekin, noiz... norberak erabakitzen du. Izena emateko aukera dago AEK eta Udal Euskaltegian, ikastetxeetan eta Dobera elkartean. Informazio gehiago telefono honetan: 943 332 799.
Hala Bazan, asteartean
Hala Bazan egitasmoa datorren asteartean hasiko da. Helburua da 5 edo 6garren mailako ikasleei irakurzaletasuna eta idazteko grina bultzatzea. Aurtengo ikasturteko lehenengo saioa Elizatxo ikastolako ikasleek egingo dute. Ixabel Millet ipuin kontalaria izango da bertan. 14:30etan, Biterin.
Erakusketa Goizuetan
Dobera Saria-ko artelanak ikusgai daude Goizuetako Labaderoan eta azken egunak gaur eta bihar izango dira. Ordutegia: gaur goizean, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean, 18:30etatik 21:00etara. Bihar goizean, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara.