EUSKALMET eta SOS Deiak-ek egindako iragarpenen arabera, eguraldi petrala espero da igandera arte: prezipitazioak 60 litrotik gorakoak izan daitezke, metro karratuko, eta ez du atertuko astelehenera arte; haize boladek berriz, 80-100 km orduko abiadura hartu dezakete, batez ere kostaldean, baina mendi aldean ere arriskua dago. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta horia aktibatu du, eta Hernaniko Babes Zibileko Sailak ondorengo aholkuak eman ditu eguraldi txarraren aurrean.
Euriari aurre egiteko
Iragarpenen arabera, euria gogotik egingo du datozen egunetan. Hori dela eta, Udalak honako aholkuak eman ditu: kotxeak eta bestelako tresnak, urak har ditzakeen lekuetatik urrundu, komunikabideetako informazioa kontuan hartu, ibaiaren eboluzioa jarraitu eta beharrezkoa bada, Udaltzaingoari jakinarazi (943 24 89 00), eta harrapatuta edo isolatuta geratuz gero, Udaltzaingoari deitu.
Haize bolada zakarrak
Haizea indartsu ibiltzea ere espero da, eta aurre egiteko, Udalaren aholkuak ondorengoak dira: leiho eta balkoietatik haizeak eraman ditzakeen gauzak erretiratu, ate eta leihoak ondo itxi, andamio eta zuhaitzetatik babestu, ahal bada ez atera etxetik, eta kotxea beharrezkoa izanez gero, kontuz gidatu.