PSE-EE: «Gobernu taldeak atez atekoa era oso politean azaldu du, baina errealitate gordina oso ezberdina da»

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 4a, 01:00

Hernaniko Alderdi So­zia­listak atez ateko bilketaren inguruan egin duen hausnarketa bidali du Her­naniko Kronikara, prentsa ohar bidez. Bertan azaltzen du ezin zitekeela beste era batera izan eta Hernaniko Gobernu Taldeak atez ateko bilketa sistema ezarri nahi duela, Usurbilgo eta Oiar­tzungo pausuak jarraituta; eta ka­sua­litatez, hiruak kolore berdineko gobernuak direla. Prentsa oharrean adierazten duenez, Gobernu taldeak, hasiera batean gauzak era oso politean azaldu ditu: «guztiak oso polita dirudi: basura etxean jasotzen didate eta ez dut metro gutxitara dudan kontenedorera eraman behar. Gainera, esaten didate bilketa sistema honekin basura gutxiago sortzen dugula, gutxiago kutxatzen dugula».

«Errealitate gordina esaten denarekin alderatuta, oso ezberdina izango da»
Alderdi sozialistak dio, guztiak oso polita dirudien arren, Gobernu Taldeak sistema hau ezartzen badu, errealitate gordina oso ezberdina izango dela: «Egia da basura etxeko atean jasoko digutela, baina ez digute esaten etxean, basura-kubo batzuk izan beharko ditugula: bat plastikoarentzako, beste bat beirarentzako, beste bat organikoarentzako, eta abar. Egun bakoitzean kubo horietako bat bakarrik atera ahal izango dut, eta besteak etxe barruan izan beharko ditut egun batzuetan. Kalera ateratzen ditudanean gainera, basura poltsek nire etxeko portalak adornatuko dituzte, Andaluziako etxebizitzetako lorontziak izango balira bezala».

«Usurbilgo adibidea saldu digute, basuraren %25a gutxituko dela esanaz»
PSE-EEk dio Usurbilgo adibidea saldu dutela orain arte, eta esaten dela sistema honekin, basuraren %25a gutxituko dela: «Ez dut uste datu hau sinestuko duen inor izango denik, ez badigute behintzat orain esaten, falta den basura hori jangarria dela. Prentsan azaldu da zergatik gutxitu den basura kantitate hori Usurbilen, eta ez dut uste merezi duenik berriro aipatzea». Prentsa Oharrean jakinarazten dute sistema honekin gutxiago kutxatuko dugula, baina ikerketek diotela, basuren kontuan behintzat, garrantzitsuenetarikoa dela herritarrei basuren inguruko heziketa ona ematea, basura nola sailkatu behar duten jakiteko, eta zein kontenedoretara bota behar duten jakiteko.

Airean gerantzen diren galdera ugari
Oharraren amaieran, sozialistek airean geratzen diren galdera ugari azaltzen dituzte: «badaude galdera asko oraindik azaldu ez direnak, eta hernaniarrok jakin beharko genituzkeenak: zen­­­bateko kostua izango du azpiegitura hau montatu eta martxan jar­tzeak? Herna­niko puntu guztietan jarri ahal izango al da martxan? Nola geratuko dira gure kaleak (basura poltsak kaleetan...)? Azkenik, gaineratu nahi dute Gobernu Taldeak orain arte herritarren parte hartzeari garrantzia haundia eman diola eta zuzen­tzen dieten galdera ondorengoan da: «Zergatik ez da kontsulta bat egiten galdera zehatz batekin, eta galde­tzen zaie herritarrei atez ateko sistema jartzea nahi duten edo ez?.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!