Euskadiko lehen mailan jokatzen duen senior mutilen taldeak, UPV-EHU Hernanik, denboraldiko bigarren partidua irabazi zuen igandean, 3-1, Gazteizko Lankide Aranbizkarraren aurka. Lehenengo set-a erraz irabazi zuen Hernaniko taldeak (25-19), baina pixka bat lasaitu eta bigarren set-a galdu egin zuen (24-26). Hirugarrenean, berriz, behar baino gehiago sufrituta irabazi egin zuten hernaniarrek (25-20), eta azkenekoan, jolasa ondo antolatuta, ez zuten arazorik izan garaipena lortzeko (25-16). Hala, bitik bi irabazita, txapelketa eskuratzeko aukera haundia dute.
Neskek asko sufrituta, baina irabazi
Bigarren mailan jokatzen duten senior neskek denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuten igandean, Gasteizko Haize Berri taldearen aurka. Emaitza 3-1ekoa izan zen. Asko sufritu zuten neskek garaipena lortzeko. Sailkapeneko azken postuan ez geratzeko, garaipena derrigorrezkoa zuten eta urduri hasi ziren hernaniarrak. Lehenengo set-a galdu egin zuten (18-25). Bigarren set-a galtzen hasi arren, markagailuari buelta ematea lortu zuten (25-23). Hirugarren set-ean hobeto ibili ziren, (25-21), eta azkenekoan, gorabehera haundiekin, 25-18-ko emaitza lortu zuten.
Garaipen honekin, sailkapenean posturen bat hobetu du Hernaniko taldeak, baina txapelketako azken postuetatik ateratzeko asko sufritu beharko du oraindik.