INMIGRAZIOAREN gaiaren inguruan sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Amher elkarteak aurten ere, eta horren harira, inmigrazioari buruzko zine zikloaren bigarren edizioa antolatu du. Hernaniko elkarte multikulturalaren asmoa da hernaniarrak sentsibilizatzea, beraien esanetan gizartean aldaketa asko ari baitira izaten inmigrazioaren ondorioz, batez ere kulturan eta ekonomian.
Aurrenekoa ostiralean
Pelikulak hiru ostiraletan jarriko dituzte, jarraian, eta aurrenekoa aste honetan izango da, Un franco 14 pesetas izenekoa. Bigarrena azoroaren 13an jarriko dute eta En un mundo libre da izenburua. Azkeneko egunean berriz, 20an, El proximo oriente jarriko dute. Pelikula guztiak debalde izango dira, Sandiusterrin 19:00etan hasita.
`Un franco 14 pesetas´
Sinopsia: Martin eta Marcos izeneko bi lagun Suitzara joango dira lan bila. Familia atzean utzi, eta aurrerapen eta askatasun bila joango dira Europara. Han pentsaera ezberdinetara ohitu beharko dute, eta mekaniko gisa hasiko dira lanean. Denbora pasata, baten emaztea eta semea, eta bestearen neskalaguna hara joago dira bizitzera. Azkenean, itzultzea erabakitzen dute, eta hori joan izana baino zailagoa egiten zaie.
Azaroaren 13an
`En un mundo libre´
Sinopsia: Pelikula honetan kontatzen da XXIgarren mendeko lan mundua: malgutasuna, globalizazioa, soldata baxuak etab. Gauzak horrela, Angie eta bere pisukideak, Rosek, bere buruen nagusi izatea erabakitzen dute eta etorkinentzako lan agentzia bat irekitzen dute. Oso negozio ona izan leike, atzerritarrak bizirauteko lan bila baitabiltza. Hala ere, arazo dexente izango dituzte.
Azaroaren 20an
`El proximo oriente´
Sinopsia: Cain gizena dago, lotsatia da, eta ez da emakumeen gustokoa. Madrileko Lavapies auzoko harategi batean egiten du lana inmigranteez inguratuta. Baina Cain bakarrik sentitzen da. Cainek duen senide bakarra bere anaia da, Abel, eta berak nahiko lukeen guztia du: guapoa da, ezkondua dago eta bi alaba ditu. Hala ere, bere bizilagun bat haurdun uzten du, eta Cainek ume horren aita izatea erabakitzen du.