EUSKAL Herriko bertsolari txapelketako aurreneko fasea bukatu berri da, final laurdenetakoa. Guztira sei saio izan dira orain arte, eta bakoitzean sei bertsolarik hartu dute parte. Saio bakoitzeko txapeldunak finalerdietarako pasea lortu du zuzenean, eta beste 11 bertsolarik, puntuazioaren arabera lortu dute txartela.
Beñat Gaztelumendi eta Iñaki Zelaia zuzenean pasa dira
Hasierako sei saio hauetan, Hernaniko Bertso Eskolako lau bertsolarik hartu dute parte, eta horietako bik lortu dute pasea, zuzenean gainera.
Iñaki Zelaiak Bilbon izan zuen final laurdenetako saioa eta irabazi egin zuen, 643 puntu lortuta. Beñat Gaztelumendik berriz, Uztaritzeko saioan egin zuen bertsotan, eta txapelduna izan zen, 669 punturekin. Irabazlea izateaz gain, orain arteko puntuazio altuena ere berak lortu du, bigarrenak baino 7 puntu eta erdi gehiagorekin.
Final laurdenetan izan ziren baita ere, Hernaniko Bertso Eskolako Unai Agirre eta Jexux Mari Irazu. Agirre 14garren postuan geratu da sailkapen nagusian, 622 punturekin, eta Jexux Mari Irazu 21garren geratu da, 599,5 punturekin (saio bakoitzeko irabazleak, hau da, zuzenean pasa direnak, kontuan izan gabe).
Hamazazpi pasa dira finalerdietara
Finalerdietan hogeita lau bertsolari arituko dira lehian, final laurdenetan pasea lortu duten hamazazpi eta zuzenean finalerdietan zeuden zazpi.
Final laurdenetako saioetatik pasa direnak izan dira: Beñat Gaztelumendi, Jone Uria, Miren Amuriza, Etxahun Lekue, Iñaki Zelaia, Iker Zubeldia, Arkaitz Estiballes, Uxue Alberdi, Aitor Sarriegi, Fredi Paia, Xabier Paya, Iñaki Gurrutxaga, Julio Soto, Jon Martin, Maddalen Arzallus, Ainhoa Agirreazaldegi eta Onintza Enbeitia.
Zuzenean finalerdietan dauden bertsolariak berriz, dira Unai Iturriaga, Igor Elortza, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze; azken biak Hernaniko Bertso Eskolakoak.
Finalerdietako aurreneko saioa datorren astean
Finalerdietako aurreneko saioa datorren asteko larunbatean izango da, Bergaran, arratsaldeko 17:30etan. Bertan izango dira, Hernanitik, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi