«Nik, sari bat jaso edo ez, liburu bati beti eskatzen diot ona izatea»

Kronika - Erredakzioa 2009ko aza. 1a, 01:00

Zure lan batek errekonozimendua jaso duela ikustea pozgarria izango da, ezta?
Bai, oso. Liburu  bat idazten duzun bitartean mila zalan­tzak hartzen zaituzte, ni behintzat ez naiz inoiz argitaratu behar dudanarekin ziur egoten; sariak ez du hori guztiz konpontzen, ziur neurosi egun asko izango ditudala, baina konfidantza ematen dizu. Norbaitek behintzat uste du idatzi duzuna ez dela desastre bat.

Batez ere zer ematen dio zu bezelako idazle gazte bati Igartza Saria gisako sariak  irabazteak?

Editore batekin jartzen zaitu kontaktuan, idatzi aurretik zure liburua argitaratzeko prest dagoena, gainera lehen aipaturiko konfidantza, sariak eta argitaletxeak duen difusio gaitasuna, eta nola ez, dirua.

Hala ere, horrelako sari batek ez al du idazlea gehiegi presiona­tzen. Irakurleak gehiago exijituko dio sari bat jaso duen idazleari.
Nik sari bat jaso edo ez, eta irakurle bezala diot, idazle baino gehiago bainaiz irakurle, liburu bati ona izatea beti eskatzen diot.

Baina idazleak bai, agian gehiegi eskatuko dio bere buruari?
Inoiz ez da gehiegi. Nire-nireak diren liburuetan, eta hau bada, esan nahi dut ez dela lanbidez edo enkarguz egin beharreko zerbait, dena jartzen dut, nire zati bat balira bezala sentitzen ditut.

Gainera denbora epe jakin bat duzu zure sariketara aurkeztu zenuen lagina liburu bihurtzeko. Horrek ez al du zure lana
zailtzen?

Presio hori ondo datorkit niri. Lehen aipatu dut idazten dudan bitartean izaten dudan zalantza mordoa; data bat ez badago, zerbait entregatzeko premia, lanak ordenagailuan geratzen zaizkit ez naizelako gai zerbait amaiturik dagoela erabakitzeko.

15 bat orrialde aurkeztu behar zenizkioten epaimahaiari. Zu zertan oinarritu zara aukeratu duzun ´liburuaren` zatia aukeratzeko.

Liburuaren lehen hamabost orrialdeak idatzi nituen; noski, gero, ziur laginean azaltzen dena ere goitik behera aldatu beharko dudala; amaierak baldintzatzen du istorio baten hasiera.

Liburua bera kontuan izanda, ´Hiltzailea` gutxi gorabehera
zertaz den azalduko al zeniguke?

Iraganera amorruzko itzulera bat da, protagonistak ez diolako bere nerabezaroari barkatu. Zergatik ezin dut esan.

Zerk bultzatu zaitu zure lehen nobela hiltzaile baten ingurukoa izatera?
Ez, ez da hiltzaile bati buruzkoa. Moby Dick ez da bale bati buruzkoa. Protagonista hiltzaile egitea tresna bat da.

Istorioa Landetan kokatzen da. Ez al da leku lasaiegia hiltzaile baten ibilerak kokatzeko. Zergatik aukeratu dituzu Landak?
Trhillerrak paper hori betetzen du neurri handi batean. Pentsatu adibidez ´Tiburón` pelikulan, zeina oporraldi alai batean gertatzen den, edo ´Con la muerte en los talones`-en, bizitza mendebaldar lasai, kontrolatu, erosoan abentura, ezustea, arriskua txertatzen ditu. Trhillera kontrastea da askotan. Landak egokiak dira horretarako; beste gauza batzuen artean; aisia eta identitatea, diskurtso iraultzailea eta umeak aquaparkera eramatea...

Aurreneko nobela dezu `Hiltzailea`. Ipuinak idatzi dituen jendeak nobela bat idaztean, askotan komentatzen da `nobelara jauzi egin du`, nobela gorago dagoen generoa al da ba?
Ez, ezta gutxiagorik ere. Prestijio falta hori inguruan ditugun sistema literario sendoagoen barruan ipuinak duen kontsiderazioarekin loturik egongo da agian, Espainian eta Frantzian esan nahi dut, zergatik ez dakit, ordea. Baina zorionez badirudi ikuspegi hori aldatzen ari dela generoak ia fusionatzen ari diren garaiotan. Beste kontu batzuetan bezala, literaturan ere, tamaina ez da garrantzitsua.

Zure zailtasun nagusia zein izan da edo zein izango da? Genero aldaketa hori?

Hori zailtasun handia izango da, edo hori uste dut; espero dut ez naizela orri artean galduko, kontatu nahi dudana ondo hesitzea izango da kontua. Zailtasun nagusia hala ere, denbora izango da; jan ere egin behar baita…

`Hiltzailea` thriller bat izango da: gutxitan lantzen da thrillerra euskaraz. Hori zer da zuretzat, abantaila edo desabantaila?
Ez bat, ez bestea. Ez dago euskaraz bakarrik irakurtzen duen inor. Etengabe aitzindari izatea gure aurretik idatzi dutenen luxua izan da, gu tradizio mendebaldarrean diluitzen gara. Thrillerra niretzat tresna bat da, protagonistak ulertzen ez duen amorrua egituratzen laguntzen didana; urte asko daramagu denok trillerrak irakurri eta ikusten, horregatik aukeratu dut neurri batean. Lehen nobela izanik gainera, nahiago izan dut egitura klasiko bati jarrai­tzea.

Orain nobela bat idatziko duzu baina Berriako zutabegile izan zinen, ondoren ipuinez osatutako zure lehen lana aurkeztu zenuen (´umeek gezurra esaten dutenetik`). Ez duzu genero bat soilik landu. Non sentitzen zara erosoen?
Ipuinarekin. Argitaratu gabe ere, ipuina da nire egunerokoaren parte den generoa.

Urriaren erdialdean Hernanin hasiko diren literatur solasaldietan, zure ipuin liburua izango da hizketagai. Solasaldietan parte hartu nahi dutenek jakin nahiko dute zure lanari buruz zer iritzi duzun, edo zein mezu zabaldu nahi zenuen?

Akats bat egiten dugu gaurko idazleek nire ustez; hainbeste promozionatu behar dira liburuak ezen azkenean gehiegi esaten dugu beraiei buruz. Uste dut nire asmoak gehiegi zehaztea tranpa egitea dela; liburuak berak bakarrik behar du irakurleari hitz egiteko gai, hitz egiten ez badio, liburu hori ez da beretzat, eta kitto. Idazleak ez luke harreman horretan sartu behar; horretarako irakurleak eta kritikoak daude. Norbait ezagu­tzeko bere gurasoekin hitz egitea bezala da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!