miramongo Parke Teknologikoa haunditzeko proiektu berria aurkeztu zuten atzo prentsaurrean Miramongo Parke Teknologikoan bertan. Gune berria Galarreta auzoan izango da eta Orona enpresa izango da gunearen ardatz nagusia. Proiektuaren berri eman zuten atzo Orona enpresako zuzendari eta Mondragon Korporazioko lehendakariordea Javier Mutuberriak, Miramon Parke Teknologikoko zuzendaria Luzio Hernandok, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako Diputatua Arantxa Tapiak eta Industria eta Energia Sailburuordea Xabier Garmendiak.
Galarreta plana
Proiektuan, parkeko bazkideez gain, Mondragon Korporazioko Orona enpresak ere parte hartzen du, eta guztira 160 milioi euroko inbertsioa egingo dute bost urtetan. Aurreikusi dute 1.000 lanpostu inguru sortuko direla Donostialdean.
Gune berria 108.000 metro karratuko azaleran egingo da. Horietatik 60.000 ikerketa eta garapen, berrikuntza eta telnologi eduki haundiko ekimenenetarako izango dira; 40.000 Ikasleku Fundazioarentzat bideratuko dira (Orona, Mondragon Unibertsitatea eta Ikerlan, guztiak Mondragon Korporaziokoak); eta beste 8.000 oraindik erabaki gabe dagoen zerbitzu esparrurako izango dira.
Oronaren proiektua
Orona enpresa, Mondragon Korporazioko kidea, izan da proiektuaren sustatzaile nagusia. Asmoa dute enpresa, ikerketa eta garapeneko zentroak, zentro teknologikoak eta unibertsitatea jartzeko bertan. Berrikuntza eta sustapen esparruan Oronaren eraikin hauek egongo dira: egoitza korporatiboa, sustapen egoitza, Orona Elevator Innovation Center, Ikerlan zentro teknologikoa eta Mondragon Unibertsitatea.
2010ean hasteko asmoa
Prentsaurrean adierazi zuten 2010ean hasteko asmoa dutela baina akaso 2011 ere joko duela hasterako. Ikasleku proiektua 2012rako jarri nahi dute martxan.
Beraz, parke teknologikoa haunditu egingo da baina dagoeneko proiektu haundia du prestatua.
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkatea:
«Oso berri ona da herriarentzat»
Osteguneko plenoan aho batez onartu zuten alderdi guztiek Miramongo Parkea haunditzeko hirigintza hitzarmena.
Onura haundiak
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkateak proiektuaren balorazioa egin zuen atzo bertan. Udala «oso pozik» dagoela adierazi zuen, «bi urte luzeren emaitza izan baita». Bere esanetan proiektuak aberastasuna eta onura haundiak ekarriko dizkio herriari, «herriarentzat oso berri ona» dela adierazi zuen. Orona enpresak egindako esfortzua ere azpimarratu zuen, eta batez ere, «izan duen interesa bere proiektoa herrian geratzeko».