Hernaniko Santa Barbara Alkoholiko Anonimo taldeak 41 urte bete ditu herritarren zerbitzura

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 31a, 01:00

HERNANIKO Alkoholiko Ano­­nimo taldea ospakizunetan da, hilabete honetan, urrian, 41 urte bete baitira biltzen hasi zirela. Gaur egun egoitza Sandiusterri kalean dute, eta talde terapia astelehen eta ostiraletan izaten dute, arratsaldeko 20:00etatik aurrera.

Egun, hamar lagun biltzen dira bertan
Asko izan dira azken lau hamarkada hauetan terapia taldetik pasa diren pertsonak, eta gaur egun 10 lagun biltzen dira astero, bertan. Bilera horietan alkoholaren inguruko terapiak egiten dituzte, bakoitzak bere esperientzia kontatuz, eta elkarri lagunduz. Baina horrez gain, eguneroko bizitzan edozein lagunartean egiten diren beste hainbat gauza ere egiten dituzte, besteak beste, liburuak irakurri, kafea hartu edo berriketaldi atsegin bat izan.

Aurreneko terapia bilerak etxebizitza batean egiten zituzten
Edateari uzteko Hernanin egin ziren aurreneko terapiak etxebizitza batean egin ziren, eta bi pertsona besterik ez ziren elkartzen bertan. Horrela, pixkanaka-pixkanaka, bien testigantzekin, geroz eta pertsona gehiago biltzen hasi ziren. Modu honetara, Santa Barbara izena hartu zuen elkarteak, eta aurreneko lokala Plazan izan zuen, 1968ko urriaren 15ean. Data hori hartzen dute fundazio data moduan. Urte batzuk pasa ondoren, lokalez aldatu ziren, gaur egun Musika Eskola dagoen horretara; eta azkenik, orain, aipatu bezala, San­dius­terrin dute egoitza.

Elkartetik taldearen berri eman nahi diete herritarrei mezu baten bidez
Santa Barba Alkoholiko Anonimoen elkartetik ondorengo mezua jakinarazi nahi diete herritarrei: alkoholismoa ez dela bizio bat, gaixotasun bat dela, baina gelditu daitekeen gaixotasuna; eta horretarako edatetik uzteko gogoa izan behar dela; Alkoholiko Anonimoak taldeak ez duela loturarik ez sektekin, ez alderdi politikoekin, eta ezta erlijioarekin ere; taldean dagoen alkoholikoak bilatzen duena dela edan gabe egotea eta ingurukoei bere testigantzarekin laguntzea; bertan kontatzen dena bertan geratzen dela; eta azkenik, iritsi berri guztiei erakusten dietela alkoholaren eraginarekin bizitzearen edo alkoholik edan gabe bizitzearen aldea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!