Kaxkora sartzeko piboteen erabileraren balorazioa egin dute Udaltzainek

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 30a, 01:00

hiru hilabete pasa dira Kax­koan piboteak jarri zituztenetik eta Hernaniko udal­tzainek sistema berriaren eta herritarren erabileraren gaineko balorazioa egin dute.

Arazo teknikoak
Udaltzainen esanetan, «ha­sie­ran, sistema ez ezagutzeak eta trebetasun faltak arazoak ekarri zituen». Udaltzainek onartu dute sistemak berak teknikoki ondo finkatzeko denbora behar izan duela eta oraindik ere hobetzeko prozesuan dagoela.

Autoak ondo Atzietan
Udaltzainen arabera, alde zaharrean autoek hartuta zuten espazioa berreskuratu egin dute oinezkoek. Era berean, adierazi dute autoak hobeto antolatzen direla Atzietako moldaketa eginez geroztik.

Piboteen funtzionamendua ulertu ez
Udaltzainek adierazi dute gidariek «ez dutela kasu askotan pibotearen funtziomendua ulertu, eta ondorioz, istripuak izan direla». Udaltzainek pibotearen sistema autopistako ordaintokiarekin alderatu dute, «denok dakigu autopistako ordaintoki batean, aurrrekoa pasa ondoren hesia jaitsi eta gure txartela sartu eta hesia berriro altxatzen denean pasa behar dugula, baina hori ez dugu egiten Kaxkoko piboteak erabiltzerakoan, eta azken finean, sistema antzekoa da».

Semaforoari kasu egin
Adierazitakoaren arabera, sor-tu diren istripuak «beti izan dira semaforoa gorrian egonda, kasurik ez egiteagatik, edo aurreko autoari ireki zaionean, hari emandako baimena aprobetxatuz atzetik sartzen saiatu direnean, txanda eman arte itxoin gabe, eta ondorioz piboteekin oztopo egin izan dute autoek».

Sartzeko argia beti laranja
Gogoratu dute, batetik, txartel bakoitzak auto bati ematen diola sarrera; bestetik, argiak beti laranja kolorean egon behar duela sartzeko; eta azkenik, adierazi dute kontuan izan behar dela semaforoa gorria badago, pibotea igoa edo igotzeko bidean dagoela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!