atez ateko zabor bilketari lotuta, Iñaki Arratibel Hamaikabat alderdiko ordezkariak prentsa oharra bidali du Kronikara. Bertan dio: «Hamaikabatek uste du adar jotze galanta dela Gobernu Taldeak atez ateko bilketaren inguruan 2010erako egin duen gutxi gorabeherako aurrekontua». Arratibelen arabera, Gobernu Taldeak aurkeztutako aurrekontuan esaten da, San Markos Mankomunitateko teknikoek aholkatuta, zaborra biltzeko 10 langile beharko liratekeela, 2 informatzaile eta administraziorako pertsona bat; guztiaren kostua 451.000 euro izanda.
Bi adibide
Arratibelek dio ez dituztela datuak sinesten eta argudiatzeko bi kasu hartzen ditu adibidetzat: «esaterako, Vilassar de Mar Bartzelonako herrian, 14.500 biztanlerentzako 64 langile zituzten atez ateko bilketarako, eta Usurbilgo datuak aztertzen baditugu (5.700 biztanlerentzat 6 langile), ondoriozta dezakegu Hernanin (19.100 biztanle) 10 langile jartzea barregarria dela, ez esateagatik komikoa».
«Langileriari dagokionez soilik, aurrekontua bikoiztu»
Aztertutako datuen arabera, Arratibelek gaineratu du, Hamaikabat alderdiari iruditzen zaiola «atez ateko aurrekontuaren zirriborroa barregarria», eta lortu nahi den bakarra dela hernaniarren iritzia manipulatzea. «Langileriaren gastuari dagokionez soilik, aurrekontua bikoitza izango litzateke».
«Konponbidea, trataera integral eta jasangarria»
Konponbideaz ere hitz egiten du Arratibelek: «zaborraren arazoa ez da konponduko bilketa sistema batekin edo bestearekin. Konponbidea jasangarritasunean oinarritutako trataera integral batean dago eta ez publizitate kanpaina demagogikoetan».
Horrez gain, salatzen du, San Markos Mankomunitatearen kanpainak, ANVk eta Ezker Batuak kudeatua, zaborraren kudeaketan izandako porrota ezkutatu nahi duela. Eta Hamaikabaten iritziz, «Mankomunitateko zuzendariek, Hernaniko agintariekin bat, bosgarren kontenedorea (materia organikoa) eta autokonpostatzaileak jartzea oztopatu dute, inork, edo ia inork, sinesten ez dituen atez atekoaren bertuteak saldu ahal izateko.
Alderdi Sozialistari eskaera
Amaitzeko, Arratibelek, Hamaikabaten izenean, eskaera egiten dio Donostiako Alderdi Sozialistari, San Markosko zuzendaritza ANV eta Ezker Batuari uzteko erabakia ondo pentsatzeko eta Gipuzkoako gainerako mankomunitateekin batera zaborraren kudeaketa integrala babestuko duen zuzendaritzaren alde egiteko.