Denboran atzera egiteko aukera, Urto-Baztarla-Leitza ibilbidearekin

Kronika - Erredakzioa 2012ko mar. 4a, 01:00

Mendiriz mendi Urto, Baztarla eta Leitza dira Mendiriz Mendiko kideen hurrengo helmugak. Hilabete­roko moduan, irteera antolatu dute; kasu honetan, martxoaren 25ean egingo dutela jakinarazi dute. Datozen lerroetan ibilbideari buruz jakin beharreko datu, kuriositate eta berezitasun guztiak azaldu dituzte.

Paraje apartak, ibilbide osoan
Ibilbidearen zati haundi bat Leitzalarretik eta bere mugetatik zehar egingo dugu. Ere­mu zoragarri honetara iristeko ordea, Leitzako herri-gu­netik aterako gara eta Iparraldera har­tuko dugu, Plazaolako au­rreneko estazioruntz. Lei­tzalarrea paraje aparta da, naturaren ikuspuntutik ga­rran­tzitsua. Pagadiz eta hariztiz osatutako basoa da gehiena, baina larreak eta istordiak ere ugariak dira. Kuriositate gisa, Leitzala­rreko urak Leitza­ran ibaiaren arrora eta Uru­mea ibaira isur­tzen dira. Bada momentu bat, gainera, urtaroaren arabera, bietara isurtzen dituena: Muñoko Loie iturriko urak normalean Urumeako isurikoak badira ere, euriteetan ura mendixkako bi aldeetara joaten da. Leitzalarreko monumentu megalitikoak ere, garrantzia berezikoak dira. Euskaldunon presentziaren antzinatasunaren lekuko eta froga dira. Mendeetan zehar, meatze-jarduera oparoa izan zen, eta orduko hondakinen eta burdinolen aztarna ugari daude oraindik. Egun abeltzaintza eta basogintza dira bertan egiten diren jarduera ekonomiko nagusiak. Beste garai batzuetara bidaiatzeko aukera izango dugu baita ere, ibilbidean zehar dauden pago eta haritz zaharrek ikusten ditugunean. Gogora ekarriko dizkigute artzainak, ikazkinak eta olagizonak paraje hauetan lan egin eta bizi zireneko garai haiek.

Geroz eta bisitatuagoa den eremua
Geroz eta jende gehiagok bisitatzen du eremu hau. Baso artean eta mendiz inguratuta, Ixkibar izeneko aisialdi-leku bat dago, eta bertatik, inguruetan dauden hainbat leku interesgarrietara joan gaitezke. Ixkibarretik pasako gara gu; gorantz egingo dugu, eta ezkerretara hartuta, ordu-laurden eskasean, Izaieta izeneko parajera iristsiko gara. Bertan bisita berezi bat egiteko aukera ere badago: ia 40 metroko altuera duten eta ondare natural izendatu dituzten izei zuriak (Abies alba). Ixkibarretik Baztarlako bidean, Arintzaundi izeneko albotik pasako gara. Ongi zaindutako toki honetan ehundaka urte dituen haritza ikusiko dugu, benetan ikusgarria dena.

Gipuzkoa eta Nafarroako mugan, hasiera
Ibilbidea Gipuzkoa eta Nafarroako mugan hasten da, Leitzaran ibaia zeharkatzen duen zubian. Nafarroako aldetik sortzen den pista hartuko dugu, eta baserri batzuk pasata, A-15 autobidearen azpitik igaroko gara. Pixka bat aurrerago, beste baserri batekin egingo dugu topo. Momentu horretan pasako gara Plazaolako trenbidea izandako pistara. Bide horretatik egingo dugu aurrera, Nafarroako eta Gipuzkoako mugan zegoen tren geltoki zaharrera iritsi arte. Bertan, trenbide zaharra utzi eta eskuinera egingo dugu. Zati labur batean Gipuz­koari bira ematen dion GR-121 ibilbideko pintura txuri-gorriei jarraituko diegu. Han­dik, Xuana izeneko bordara iritsiko gara, eta bertan, kanal bat jarraituz, eskuinerako bidea hartuko dugu. Al­daparik igo gabe, Lei­tzalarrera hurbilduko gaitu kanal honek. Aurrera jarraitzeko, Ur­dola aldera egin behar da. Bide honetan, eguraldia ona bada, paisaia ikusgarriaz go­za­tzeko aukera izango dugu. Bideari jarraituz, basoan sartuko gara berriro, eta azken aldapa igoko dugu. Aldapa eta basoa bukatzean, Baztarla gaineko soroetara iritsiko gara. Soro hauetatik Baztarlako gailurrera hurbilduko gara. Gailurretik, 200 metro inguru aurrerago inguru hauek itsusitzen dituen antena bat dago. Gailurretik goza daitekeen paisaia zoragarria da: behean Leitza herria, hegoaldera, Kornieta eta bera itsusitzen duen parke eolikoa, bere atzean Urbasa, hegomendebaldera Aralar mendizerra eta bere atzean Aitzkorri eta iparraldera Urepel eta Altzadi. Ibilbidearen azkeneko zatia egiteko, mendebaldera hartuko dugu, Arramia aldera. Aukera dagoenean behe aldera joko dugu eta borda baten ondotik igaro ostean, pista bati jarraituko diogu Martingelenea baserrira iritsi arte. Bertatik, baserri artean doazen bideei jarraituz, Leitzako Plazaola tren-geltoki zaharrera jaitsiko gara, eta bertan bukatuko da martxoko irteera.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!