aurten ere ez du hutsik egingo Mendiriz Mendi elkarteak antolatu ohi duen Mendizale Asteak. Azaroaren 6an hasi eta 15era bitarte, 7 egunez ekintza ugariz gozatzeko aukera izango da. Mendizale Asteko ibilbideari umeek ekingo diote, beraientzako prestatu baitute lehenengo eguna. Domina banatzea eta jai berezia egingo da Biteri kultur etxean 19:30etan hasita. Txontxongiloak ikusteko aukera izango da, Rosa, ipuin bat kantaidazu izenekoa.
Argazkiak eta proiekzioak
Umeen egunaren ondoren, azaroaren 9an, astelehenean, berrekingo zaio Mendizale Astearen ibilbideari. Los otros Gasherbrums izeneko diaporama eskainiko du Juan Vallejok. Gasherbrumen zirkoa, Karakorum inguruko mendi-multzorik ezagunenetariko bat da, eta bertako G-IV eta G-II mendien eskaladak izango dira protagonista.
Azaroaren 10ean, asteartean, Angel Martinezen eta Koldo Alavaren bilduma ikusteko aukera izango da: Cañones y barrancos de Euskal Herria. Bilduma hori Euskal Herriko zintzur eta haitzarte garrantzitsuenen hurbilpen bat da.
Azaroaren 11n, M.A. Otsoa de Alda eta I. Diaz de Garaio Legazpiko argazkilariek Suitza, haranak eta mendiak lanaren bidez, bertako kontrastez beteriko paisaia azalduko dute. Hurrengo egunean, herritarrek egindako zenbait proiekzio ikusteko aukera izango da.
Argazki lehiaketako sari banaketa
Azaroaren 13rako, ostiralerako, argazki lehiaketa antolatu dute, aurten 30garrena. Bertan, argazki digitalen aurkezpena eta sari banaketa izango dira. Honekin batera, Elkarteak proiekzioa eskainiko du, urtean zehar egindako irteeretako argazki bildumari buruzkoa. Proiekzio guztiak Biterin izango dira 19:30etan.
Bukatzeko mendi irteera
Egun bateko atsedenaren ondoren, azaroaren 15ean, bazkide eguna izango da eta Mendi asteko ibilbidea bukatzeko, mendi irteera izango da Markina-Santa Eufemia 704m-Ziortzara (Urregarai).
Ikastaroa atzeratu
Azken orduko arazoak direla eta, Mendiriz Mendiko ikastaroa atzeratu egingo dutela jakinarazi dute. Datak zehaztean jakinaraziko dute.
EGITARAUA:
Proiekzio guztiak Biterin, 19:30etan.
Azaroak 6, ostirala. Umeen eguna, ‘Rosa, ipuin bat kontaidazu’.
Azaroak 9, astelehena.
‘Los otros Gasherbrums’.
Azaroak 10, asteartea.
‘Cañones y barrancos de Euskal Herria’.
Azaroak 11, asteazkena.
‘Suitza, haranak eta
mendiak’.
Azaroak 12, osteguna. Herritarrek egindako proiekzioak.
Azaroak 13, ostirala.
‘XXX. Argazki lehiaketa’.
Azaroak 15, igandea. Bazkideen eguna, mendi
irteera.