Cesareo Gabarain izena, agian, ez da ezagunegia gaur egun Hernanin, baina 1979ko martxoaren 29an, garaiko zenbait egunkaritan albiste izan zen. Izan ere, Juan Pablo II.a Aita Santuak bere artzain-kapilau izendatu zuen musika erlijiosoan egindako lanagatik. Hala azaltzen dute El Diario Vasco eta La Voz de España de San Sebastián egunkariek.
Adimen eta ikasketa haundiko apaiza
Gabarain Hernanin jaio zen 1936ko maiatzaren 16an. Ikasketak hainbat lekutan burutu zituen: Donostian, Zaragozan, Madrilen, Parisen eta Erroman, eta arlo ezberdinetan zuen doktoretza eta lizentziatura.
Teologia biblikoan eta musikologian doktoratua zen eta filosofia, teologia moralean eta kazetaritzan lizentziatua.
Apaiz gisa Donostian eta Antzuolan aritu zen eta azken urteetan Madrilera joan zen bizitzera. Hala ere, oporretan Antzuolara itzultzen zen pelotan jokatzera. Bertan, oso maitatua zela azaltzen dute aipaturiko egunkariek, baina berak harrotasun haundiz aldarrikatzen zuela gipuzkoarra eta hernaniarra zela. Kirolari oso lotua egon omen zen eta txirrindularitzan ´txirrindularien apaiza` izenez zen ezaguna.
Dena dela, horren guztiaren gainetik, garaiko musika erlijiosoan egindako ekarpenagatik nabarmendu zen. Juan Pablo IIgarrenaz gain, Pablo VIgarrena Aita Santuak ere bere musika obrenganako interesa azaldu izan zuen, behin baino gehiagotan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!