hONDakinen Partzuergoak Zubietako lurren espropiazioarekin has dadila eskatu dio Diputazioari (San Markosek eta Debagoienak kontra bozkatu zuten). Modu horretan, datorren urtean lur mugimenduak hasi nahi dituzte errauste planta bultzatzen dutenek. Guztira 400 milioi euro kostako da eta bertan, 213.000 milioi tona basura erreko dute azkeneko aurreikuspenen arabera, Gipuzkoan sortzen den basura guztiaren %43; horren herena hondakin toxiko bihurtuko litzateke. Erraustegia Hernanitik 5 kilometro eskasera kokatu nahi dute, Zubietako gainetan. Dena den, hainbat auzi epaitegietan daude oraindik.
Hondakinen Partzuergoak esku artean duen dokumentuak, gaur egungo birziklapen eredu berari eusten dio, baina ´bosgarren kontenedore` bat gehituz basura organikoetarako. Hain zuzen, kontenedore horrekin frogak egiten ari dira hainbat auzo eta herritako boluntarioekin.
Inzineradoraren aurkakoek diotenez, oraindik ez da frogatu herritar guztiek erabiliz gero bosgarren kontenedoreak zein emaitza emango lukeen; besteak beste, birziklapenak boluntarioa izaten jarraitzen duelako, eta gaur egun bezala kontenedoreetan botatzen dena ez delako kontrolaturik egongo. San Markoseko azkeneko datuen arabera, gaur egun, plastiko eta ontzi gehiago botatzen dugu kontenedore ´arruntera`, kontenedore horira baino.
Hernanin, Oiartzunen...
Bitartean, Usurbilen martxan jarri eta gero Hernani izango da atez ateko zabor bilketa sistema jarriko duen hurrengo herria. Baldintzak adosteko herritarrekin bilera egutegia finkaturik du Udalak (atzoko Kronikan azaldu zen). Oiartzunek ere adierazi du laster hasiko dela zaborra atez ate biltzen eta beste hainbat udalerri ari dira hori aztertzen. Atez ateko sistemarekin erraustegirik ez litzateke beharko beren esanetan.