Fantasia eta Beldurrezko XX Asteari gainbegirada (I): `Metal Hurlant eta Fantasiazko Zinema´saila

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 24a, 02:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’

Erakusketak, antzerkia, burlesqueko ikuskizu­na... Kri­sial­dia dela eta, egun bat gutxiago izan arren, Donostiako Fantasia eta Beldurrezko XX Astea ekintza erakargarriz beterik dator. Beti bezala, la­bur­metraien eta luzemetraien Sail Ofiziala ikusgai izateaz gain, erakusketak ere antolatu dituzte Jose Luis Rebordinos eta Donostia Kul­turako Zinemako Unitateen partaideek. Erakusketak, esaterako (H.R. Giger Atzera begirakoa, Conflictivos Pro­du­c­tions-eko de­koratu, ma­ke­ta eta pertsonaiak osaturikoa, Astearen 20garren urteari buruzko ar­gazki erakusketa), VI Komiki Jardu­naldiak (Juan Giménez, Álex Orbe, Manu Ortega, Eva Conde komikilariei eskeinitako hainbat erakusketa), kon­tzertuak (Drddbanks a.k.a Dotado eta Bily Box), antzerkia (Teatro Corsarioren El Cuervo), haurrentzako zinema (Niko eta izarretarako bidea eta Puk eta bere garabia)... Aipatu dudanez, artikulu hau Métal Hurlant eta fantasiazko zinema sail bereziaren xehetasunei eskeiniko diot eta hurrengo larunbatean sail ofiziala hartuko dut oinarri. Ados? Ah, gogoratu sarreren salmenta astelehena 26ean hasiko dela ohizko lekuetan (Servikutxa, Teleku­txa eta Antzoki Zaha­rra eta Victoria Eugeniako lehiatiletan)...

`Metal Hurlant eta fantasiazko zinema´
´Métal Hurlant` komiki mundua oinarritzat hartutako al­dizkari frantsesa aldizkari bat baino gehiago izan zela beldurrik gabe esan genezake. 1974tik 1987 urterarte gutxi go­ra behera argitaratzeko saioak egin zituen Huma­noide Elkar­tuak izeneko talde batek, eta urte horiek nahikoak izan ziren garai hura arte ezagututako fantasia eta zien­tzia-fikzioaren ulertzeko eta egiteko modua erabat aldatzeko. Zinema izan zen argitalpen frantziarrak gehien eragin dako alorretako bat, bere eragina ezinbestekoa izan bai­tzen fantasiazko zinemaren joera moderno eta funtzeskoenak eragiteko orduan. Métal Hurlant aldizkarian lana egin zuten artistak, idazleak eta marrazkilariak (Jean Giráud Moebius, Enki Bilal, Alejandro Jodo­rowsky, Jean-Claude Forest, Phillippe Caza, Schui­tten, Peet­ers, H.R. Giger, Ri­chard Corben, Juan Giménez, Marc Caro) dekoratzaile, di­sei­natzaile, gidoilari, anima­tzaile eta zuzendaritza lanetan ere aritu ziren bere garaiko hainbat filmeetan. Izan ere,garai horretako zinema fantastikoaren arloan iraultza estetikoa eta espirituala izatea lortu zuten. Ez al dira ba Alien, Tron, Blade Runner, Heavy Metal, Dune eta 70 eta 80 hamarkadetako hainbat filme iraultza estetiko eta kontzeptuala baten ondorio?. 

SAILEKO FILM GOMENDAGARRIAK

ALIEN (1979).
Erresuma Batua

Klasiko horrek 30 urte bete ditu dagoeneko! H.R. Giger artista suitzarrari esker zi­nemaren historiako izaki bel­du­rgarrienetariko bat jaio zen 1979 urtean. Nos­tro­mo ontzian zortzigarren bidaiaria jaio eta hazi ze­nean, etsai beldurgarria  beste zazpi biztanleentzat etsai ikaragarria  izateaz gain, gure amets gaiztoak txarragoak izateko beste pizti bat jaio zen. Bestalde, Jean Giraud Moebiusek  astronauta jantzien diseinuen ardura hartu zuen bere gain. Film klaustrofobikoa, ikusgarria, suspensez beterikoa eta batez ere, beldurgarria. Ridley Sco­tten filme liluragarria gil­tza­rri izan da zine fantastikoaren bilakaeran. Beti da une egokia berriz ere zineman ikusteko. Asteartea 3, bostetako emanaldian An­tzoki Zaha­rrean. Ez galdu, pena merezi du eta.

HEAVY METAL (1981). Kanada
Europan lortutako arrakastaren ondorioz, Métal Hur­lant aldizkariaren bertsio amerikarra 1977 urtean hasi ziren argitaratzen. Ipar Ame­­rikan ere lortu zuen arrakasta itzela kontuan har­tuz, Ivan Reitman eta beste ekoizleek bertan argitaratutako zenbait pa­sar­te egokitu eta zinemara pasa­tzea erabaki zuten. Dan  O’Bannon, Juan Giménez, Moebius, Richard Corben eta Bernie Wrigh­tsonen pasarteak dira, besteak bes­te. Gerald Potterton izan zen  film bitxi eta esangura­tsuen zuzendaria. Larun­ba­ta 31, 19:45etako emanaldian, Vic­toria Eugenia Antzokian.

LES MAÎTRES DU TEMPS (1982) Frantzia-Suitza- Alemania-Erresuma Batua

René Laloux animatzaile frantsesa zinegile ahaztuetako bat da. Hiru film luzeen zuzendaria – La Plánete sauvage, Les maìtres du temps eta Gandahar – ho­rie­tatik bigarrena Moebiu­se­kin batera gauzatu zuen-. Fantasiazko alorrean ezaguna den Stefan Wul-en L’Orphelin de Perdide eleberria abiapuntutzat hartu zuen  Lalouxek filma gauzatzeko xedez. Guztiz go­men­­dagarria da filmea. La­run­bata 31, 22:30etako emanaldian, Victoria Eugenia Antzokian.

KAMIKAZE (1999),
EL ÚLTIMO COMBATE (1983).
Frantzia

Luc Besson zuzendari ospe­tsuak lehenengo filmea hogeita hiru urtekin zuzendu zuen eta urte hartako fantasiazko zinemaldi ga­rran­tzitsuenetan eskuratu zituen sariak (Avoriaz, Opor­to, Sitges, Bruselas). Txuri beltzean  eta baliabide gutxirekin filmatua, Be­ssonen lana bere filmeen artean onenetakotzat hartua izan da betidanik. As­telehena 2, 22:30etako ema­naldian, Antzoki Zaharrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!