joan den astean zenbait komunikabidetan azaldu zenez, Gipuzkoako Diputazioko Ogasunak jakitera eman zuen Gipuzkoako Udalek 106 milioi euro itzuli behar dizkiola Ogasunari zerga bidez bildutako dirua jaitsi egingo delako krisiaren eraginez. Hernaniko Udalak ia 3 milioi euro itzuli behar dizkio Antxon Garcia Udaleko kontu hartzaileak Kronikari azaldu dionaren arabera. Zehazki, 2.852.958 euro.
Gipuzkoan zergabilketako kopurua %19,06 jaitsi da
Diputazioak urtearen aurreikuspena egiten du urtea hasi aurretik eta kalkulatutakoaren arabera banatzen du dirua Udaletan, Udal Finantzaketarako Foru Fondoaren bidez. Urte bukaera aldera, berriz, (aurten urriaren 15ean) urteko kalkuluak egiten dira eta dirudienez, aurten, Udalei emandako diru kopurua haundiagoa izan da zergadunek Ogasunari emandakoa baino.
Pello Gonzalez, Ogasuneko diputatuak esandakoaren arabera, urte bukaerarako Gipuzkoan, zerga bidez bildutako diru kopurua %19,06 jaitsiko da, eta Udalen aurrekontuen diru kopurua %25 inguru jaitsi daiteke.
Datorren urterako milioi 1 eta erdi gutxiago
Hernanin
Diputazioak Hernaniri aurten, 11.907.502 euroko aurrekontua zehaztu zion eta Foru Fondoaren itxieraren aurrekuspenaren arabera, kopuru horretatik %23.96a itzuli beharko dio, hau da, lehen aipatutako ia 3 milioi euro horiek. Datorren urteko Foru Fondoaren aurreikuspenaren arabera, aurrekontua 10.546.806 eurokoa izango da. Urte honetarako aurreikusia zengoena baino %11.43 gutxiago, nahiz eta 3 milioi euro horiek itzuli behar direla eta, azkenean, %16.48 gutxiago izan. Dirutan izango litzateke 1.492.260 euro gutxiago.
Dirua bueltatzeko negoziatzen
Hasiera batean, Udalek dirua otsailean bueltatu behar zutela esan zuen Diputazioko Ogasunak, baina kolpera itzultzeko arazoak izango zirela azaldu zuten Udalek eta tira-birak sortu dira. Hala, diru hori nola eta noiz itzuli erabakitzeko Diputazioa eta Udalak negoziatzen ari dira oraindik, Garciak azaldu duenez eta «ziurrenik 3 edo 4 urtetan itzultzeko epea jarriko da».
Balorazio kaxkarra
Garciak esandakoaren arabera, Udalak ulertzen ez duena da nolako kalkuluak egin dituzten aurtengo aurrekontuaren aurreikuspena egiterakoan. «Normalean egiten duten aurrekontua biltzen duten diru kopurua baino txikiagoa izaten da, orain gertatu denaren alderantzizkoa gertatzen da». Eta ez du zentzuzkoa ikusten egin duten balorazioa; izan ere, «aurtengo aurrekontua iazkoa baino altuagoa zen eta hori krisi garaian egonik. Eta orain diru kopuru horiek itzultzea ez da huskeria».