Ekainetik irailera 1.015era igo da langabetu kopurua Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 22a, 02:00

krisia dela eta, azken urtean langabeziak hartu duen joera manten­tzen ari da Hernanin ere; hau da, hilero-hilero igotzen ari da langabetu kopurua INEMen datuen arabera. Ekaine­tik irailera bitarte 90 langabetu gehiago daude Herna­nin, eta guztira, 1.015 dira. Joan den urteko irailean berriz, 790 ziren langabetuak, aurten baino 225 gu­txiago.

Udaran ere langabezia igo
Joerak eutsi egin dio udaran ere. Nahiz eta sasoi horretan aldi baterako kontratuak egitea ohikoa izan, aurten ez da igoerarik somatu, eta iaz bezala, beheraka egin du. Iaz uztailean, abuztuan eta irailean 581, 357 eta 554 kontratu egin ziren; aurten berriz, 462, 331 eta 497.

Langabetu gehienak 25-44 urteko gizonezkoak
Hernanin dauden langabetu guztietatik gehienak 25-44 urte bitarteko gizonezkoak dira; 284 daude. Adin bereko emakumezkoak ere mordoxka dira lanik gabe; 258. Joera aldatu egin da iaztik, 2008ko irailean, orokorrean, emakumezkoak ziren langabezian zeuden gehienak eta batez ere, 45 urtetik gorako emakumeak ziren, 232. 24-44 urte bitarteko emakume langabetuak, be­rriz, 209 ziren eta gizonezkoak 160. Beraz, batez ere gizonezkoetan eragin du azken urtean langabeziak.

Zerbitzuetan langabezia gehien
Sektoreei erreparatuz, zerbitzuetan dago langabezia gehiena Hernanin. Denera 654 langabetu daude, iaz bai­no 122 gehiago. Industria da langabetu gehien dituen bi­garren sektorea, 216 langabetu daude eta iaz 162. Horrez gain, eraikuntzan ere langabezia dexente igo da azken urtean. Joan den urteko irailean 60 langabetu zeuden sektore honetan eta orain 108, hau da, 48 gehiago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!