Hernaniko AHT Gelditu Elkarlanak jakinarazi du, Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez, dagoeneko hasi direla Hernanin Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanak. Oharrean adierazi dute lehen fase honetan, Loidi inguruan hasi direla egiten ikerketa geoteknikoak eta sondeoak: «Elorrabi eta Iparragirre baserrien artean, dagoeneko egin dituzte lehendabiziko laginketak, eta sekulako ilunkeriaz egin dituzte, herriari inolako informaziorik eman gabe».
Adierazi dutenez, Hernaniko Udalak eta bertako sail ezberdinek ez dute eskaera formalik eta informazioarik jaso: «Udalak duen informazioa zeharkakoa da, bertara hurbildu garenon bidez jakindakoa. Notifikazio txikirik ere ez dute jaso herriko lurretan egiteko asmoa duten proiektu honen inguruan»
«Baimenak ez dira
Hernaniko Udalean eman»
Prentsa oharrean esandakoaren arabera, obrak egiteko baimenak ez dira dagozkien udaletxeetan egin, kolaboratzen duten Udaletan baizik: «Hernaniko kaltetuak egun batetik bestera Andoaingo udaletxean zitatu dituzte, korrika, pentsatzeko denborarik gabe.
Sondeoen arabera gainera, AHTa Iparragirre baserritik 5km-ra pasako da, 300km/ordutik gora. Guk sondeon bidez jakin dugu hau, eta bertako bizilagunek ez dute inolako berririk jaso».
Notaren amaieran, Herritarrei mobilizazioetara joateko deia luzatu diete, eta elkartasuna adierazi diete zuhaitzetan zintzilik dauden pertsonei.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!