Luis San Roman- Bizikleta kustomizatzailea: «’Custom’ kultura bat da»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 18a, 02:00

Erika Elizari Salvador

Zer da bizikleta bat kustomizatzea?
Kustomizatzea bizikleta bat hartu eta moto baten antza ematea da. Adibidez, Harley-ak gustatzen bazaizkizu eta zure bizikletak itxura hori izatea nahi baduzu, bizikleta kustomizatzen duzu. Edo mountain bike bat badaukazu eta bereziagoa izatea nahi baduzu... Nik hori egiten dut: bizikleta bat hartu, moztu, soldatu... Eta ez hori bakarrik. Bizikletak nahita herdoildu izan ditut ere. Estilo horri Rat Road deitzen zaio eta lapurrak uxatzeko egiten da. Kanpotik, kaka zahar bat dela dirudi, baina barrutik bizikleta ona da.

Orduan, kustomizatzea ‘tuneatzearen’ parekoa da?
Beno, antzekoa. ‘Custom’ kultura bat da. Motorrak, bizikletak, kotxeak, tatuajeak, Rock and Roll-a... Horiek guztiak hartzen ditu. Esaterako, 60. hamarkadako kotxe bat har-tzen da eta beltzez margotu ondoren, gurpilak txuriz, eta hagunak gorriz pintatzen zaizkio. Nik egiten ditudan bizikletak ere, horrelakoak izaten dira; Harley Davidson motorren moduko bizikleta luzeak, beltzez margotuak eta manillar eta gurpil haundiekin.

‘Custom’ kulturaren leloa ‘do it yourself` edo ‘zuk zeuk zeurea egin’ da ezta?
Bai, Ingalaterran eta Estatu Batuetan hala esaten dute.

Horrek pertsonalizazioa eskatzen du, baina norberak egiteko modukoa da edo espezialista baten beharra dago?
Trebea izanez gero, edozer egin daiteke. Baina batzuetan ez da denborarik izaten, ez lekurik, ez materialik... Kasu horietan errazena teknikari batengana jotzea da.

Eta garestia ateratzen al da?
Ez da garestia. Materialak eta, ez dira garestiak, baina hori norberak nahi duenaren araberakoa da. Esaterako, ‘Chopper’ bat nahi izanez gero, mountain bike batekin egitea zaila da. Izan ere, kasu horretan burdinezko hodiak behar dira...

Nolatan hasi zinen kustomizazioaren asuntu honekin?
Betidanik gustatu izan zaizkit motorrak. Baina horiekin ibiltzeko materiala eta tailer on bat eduki behar da. BMX bizikleta batzuk nituen, eta nire adinarekin lesioak larriagoak izaten direnez, nire bizikletak hartu eta motor itxura ematen hasi nintzen. Eta beno, horrela hasi nintzen. Urte batzuk daramazkit honetan. Bizikletak benetan kustomizatzen bat, baina informazioa biltzen eta prestatzen, bost bat urte. Eta motorrekin... ez naiz gogoratzen noiztik, baina betidanik gustatu izan zaizkit. Motorren kontzentrazioetan ere ibiltzen naiz...

Jende asko al dago mundu honetan? Edo hori gustatzen zaiona?
Ez dago jende gehiegi, baina Euskal Herrian bagara batzuk kontzentrazioetan eta, ibiltzen garenak. Elkarte batzuk ere badira: Langostinos, Los Megas, Satanases... Eta hauek kontzentrazioak antolatzen aritzen dira.

‘Custom’ kultura gustuko dutenak badira, baina kustomizatzen aritzen den jenderik ba al dago?
Bizikletekin ni bakarrik aritzen naiz. Motorrekin ibiltzen diren beste bizpahiru tailer badaude, baina bizikletekin ez.

Lehiaketak ere egiten dira, eta orain gutxi Espainiakoa irabazi berri duzu ezta?
Bai, hala da. Aranjuezen Chopper bizikleten kontzentrazioa izan zen, urriaren 6an. Bertan, Espainiako txapelketa antolatu zuten, hiru sarirekin eta nik bi irabazi nituen: bizikleta luzeenaren saria eta baxuenaren saria. Hurrengo txapelketa Europakoa izango da, otsaila amaieran Sevillako kontzentrazioan.

Zu horretan ibiltzen zara, baina ez da zure berezko lana ezta?
Ez, ni mantenimendu lanetan aritzen naiz eta bizikletak kustomizatzearena, batez ere, hobby-a da. Lagunei egiten diedan zerbait, edo norbaitek eskatuz gero...

Hernaniko ´El Caserio` tabernan ere ibiltzen zera musika jartzen ezta? Beti ezin izango duzu Rock and Roll-a jarri...
Bai, urte batzuk daramazkit. Ni­ri Rock and Roll-a gusta­tzen zait, baina dagoen jende motaren araberako musika jarri behar izaten dut. Jende gehienak patxanga nahi izaten du.

Etorkizun batean tailer bat jartzea da zure asmoa ezta?
Bai, gustatuko litzaidake motor eta bizikleten tailer bat jartzea. Bizikletekin hasi naiz, baina pixkanaka-pixkanaka egiten diren gauzak dira. Inbertsio haundia egin behar da, eta krisiaren asuntu honekin eta... gutxinaka egin beharra dago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!