Noiztik duzu ehizarako afizioa?
13-14 urterekin hasi nintzen aitarekin, eta badakizu, hasten zara berari segika mendian, txakurrarekin, eta pixkanaka-pixkanaka afizioa barneratzen hasten zara.
Ehiza zer da zuretzat, kirola ala ´hobby`-a?
Hobby-a bada, baina kirola ere bada. Bien nahasketa da, mendia maite duzu, txakurrarekin ateratzen zara, kirol bezala ere gustura hartzen da.
Zer ehizatzen duzu gehien orain beda ireki dutela?
Denetik. Usoetara eta birigarroetara joaten naiz orain beda irekieran. Postua hartu eta gutxienez punteria pixka bat egitera joaten gara.
Nolakoa izaten da ehiza egun bat?
Disfrutatzekoa. Bat bota edo bi bota, ez du gehiegi inporta. Goizean-goiz jaiki, bakoitzaren gustuko gosaria eraman mendira, eta eguna argitzeko momenturako hasten gara, pasatzen dena harrapatu nahian.
Oilagorrak ere ehizatzen al dituzu?
Bai, oilagorraren beda ere orain irekitzen da, Pilarika egunerako, baina orain ez da gehiegi mugitzen. Oilagorra gehiago izaten da hurrengo hilabetean, hor izaten baita bere momentu fuertea.
Oilagor ehiza desberdina al da usoarena edo birigarroarenarekin alderatuta? Zein gustatzen zaizu gehien?
Bai, desberdinak dira. Batean puestoan egoten zara itxaroten, ea zer hurbiltzen den hura botatzeko asmoarekin, eta oilagorrarenean mugitu egiten zara mendian txakurrarekin, eta ez dakizu non dagoen pieza. Orduan, txakurraren lana ikusten duzu -oso inportantea dena- eta horrek bilatzen dizu pieza. Txakurraren lan honek eta mendiko momentu horiek puntu oso politak ditu eta niri gutxienez horregatik gehiago gustatzen zait oilagor ehiza.
Eguraldiak asko baldintzatzen du ehiza?
Pasarako bai, pasarako hego haizea behar da. Oilagorrarentzat ez da hain beharrezkoa, hegoarekin ere sartzen da, baina neguan ere iparraldeko haizearekin asko sartzen da. Euria eta behelainoarekin ere gelditzen dira oilagorrak mendian baina garrantzitsuena ipar haizea izaten da.
Orain arte zer moduz dijoa denboraldia?
Egia esan, orain arte ez naiz gehiegi mugitu. Txakurrarekin zertxobait ibili naiz baina oso gutxi. Halere, hor zehar entzun dudanagatik ezer gutxi ikusi da zeruan.
Eta zer aurreikuspen egiten duzue aurtengo?
Beti ilusioarekin hartzen da beda irekiera, baina zaila da aurreikuspenak egitea. Onddoekin bezala gertatzen da. Uso asko pasa daitezke berehala egun gutxitan, eta agian, hurrengo guztiak Piriniotatik pasatzen dira harrapatzen duten eguraldiaren arabera... Oso zaila da horretan asmatzea.
Nora joaten zara ehizara?
Gipuzkoan ibiltzen naiz, Hernani inguruan gehien bat. Hemen gero eta toki gutxiago daukagu eta badago jendea kanpora joaten dena, baina hori nahiko garesti ateratzen da.
Txapelketetan ere parte hartzen duzu, nolakoak izaten dira?
Horiek izaten dira granjatan hazitako eper eta faisanak. Antolatzaileek askatu eta horiek harrapatzera. Niri halere, gehiago gustatzen zait txakurrak egiten duen lana ikustea eta gero 2,5 edo 8 pieza botatzeari ez diot horrenbesteko garrantzirik ematen.
Zer gustatzen zaizu gehien? Txapelketetan aritzea, edo mendian zure kontu aritzea?
Mendian nire kontu ibiltzea gustatzen zait gehiago. Txapelketetan askotan ibiltzen zara urtea aspergarri samar joan delako edo txakurrak nahi bezain beste ez delako aritu, oilagor gutxi ikusi dituzulako.
Harrapatutako piezekin zer egiten duzu?
Guk ehizatutakoarekin urtean behin afari bat antolatzen dugu familiarekin eta lagunekin. Eta beti izaten da beste lagun edo ezagunen bat pieza horiek gustora jango dituena, eta hari oparitzen dizkiot.
Afizio garestia da ehiza?
Bueno, gu ibiltzen garen mailan ez. Gero, kanpora joaten bazara edo galeperretan hasten bazara edo postuekin… asko igotzen da. Badago jendea asko mugitzen dena eta haiek asko gastatzen dute baina guk urtea gutxirekin egiten dugu.
Kuriosidade moduan, zenbat eskopeta dituzu?
Nik bi dauzkat. Bat hasi nintzen garaikoa, aitak oparitutakoa,
18 urte inguru nituenean. Eta bestea nahiko modelo zaharra da, bigarren eskukoa.