Urtero bezala ehizarako beda ireki da ehiztarien gozamenerako

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 18a, 02:00

Dani Llopis Irazusta

Urriaren 13an Gipuz­koa­ko Diputazioak ehizarako debekualdia altxa eta gero, ehizaren sukarra hedatu egin da urtero legez, probintzia guztian zehar. Hernani ez da salbuespena, eta urtero bezala, Txantxangorri Elkartean egunero egiten diren zozketetan ikusmin handia sortzen da. Arratsaldeko zortziak aldera ehiztari ugari biltzen da soziedadearen kanpoaldean, ustez postu onenak direnak lortzeko esperantzarekin. 
Txant­xangorrin, abuztu erdialdean hasten dira zozketak egiten, beda erdia ireki­tzearekin batera, baina aurtengo udarako denboraldi eskasak ehiztarien itxaropen guztiak  aurtengo udazkenean jarri ditu. Ehiztari hernaniarrez gain inguruko herrietatik ere etortzen da jende asko Hernaniko postuetara, Azketako lineak nahiko fama ona duelako.

Birigarroa, oilagorra eta usoak
Beda irekiera honetako izarrak birigarroa, oilagorra, eta bereziki, usoa izaten dira. Eguraldi hotza iristearekin batera, Europa erdi eta iparraldetik Afrika aldera egiten du usoak. Haizeak nondik jo, usoak alde batetik edo bestetik egiten du Afrikarako bidaia, eta ehiztarien arabera, inguru hauetatik pasatzeko hego haizea behar izaten da.
Oilagorrak ere usoaren tankerako bidaia egiten du eta deskantsatzera eta jatera gelditzen da hemen. Oila­go­rra, eguraldi txarrarekin gehiago izaten dela esaten dute adituek, baina usoekin eta hego haizearekin gerta­tzen den bezala, hau ez da beti betetzen. Oilagorrarena txakurrarekin egiten den ehi­za klasea da, uso ehizaren oso bestelakoa. Ehiztariek ibili latzak egiten dituzte txakurrarekin oilagorraren arrastoari segika. Oilagorra zelatan botatzea galerazita dago, nahiz eta egiten ez denik ezin daitekeen esan.

Egunean 100 postutik gora zozketatzen dira

Hernanin, 3 gunetan bana­tzen dira ehizarako postuak: Oriamendin, lehen aipatutako Azketan eta Larregainen. Guztira 100dik gora postu zozketatzen dira eta postu bakoitzean gehienez 2 ehiztari egon daitezke ehizarako toki bakoitzean. Beda osoa ireki berria denez, oraingoz asteburuetan soilik betetzen dira postu guztiak. Aste­gu­ne­tan berriz, postu batzuk libre geratzen dira. Txantxan­gorri Elkartetik adierazi digutenez, denboraldiak au­rrera egin ahala ehizarako lekuen es­kaera handitu egiten da eta zaila izaten da edozein egunetan postu bat lortzea. Postuak aukeratzeko orduan, aurreko urteetako datuei erre­paratuz, Azketako gunean botatzen dira pieza  gehien, alde handi xamarrarekin eta  horren ondorioz, gune honetan pilatzen dira ehizarako tokiak eskuratzeko eskaera gehienak.
 Agustin Urretabizkaia Txantxangorriko kideak erakutsi zigun nola egiten diren zozketak. Ehiztariek, beharrezko diren dokumentuekin elkarteko bulegoko ordenagailuan erregistratzen dituzte beraien datuak, ordenagailu honen bidez egiten baita zozketa. Erregistratu ondoren, soziedadea kanpoaldean da­goen pantailaren inguruan biltzen dira denak, makinak beraien izena noiz aterako zain. Zozketa denen bistan egiten da edonolako susmo txarrak saihesteko eta hau buka­tzean, ehiztari bakoitzari bere izena eta egokitutako postuaren zenbakia dituen txartelak banatzen dizkiote, hurrengo egunean guardek ehiza jardueraren eta postuen kontrola eramatea ahalbidetzeko.

Lehen, zozketak mendian, orain elkarteetan

Garai batean, zozketak mendian bertan egiten ziren, bai­na azkenean elkarte ezberdinetan egitea erabaki zen ehiztarien artean sortzen ziren arazoengatik. Urretabizkaiak adierazi zigunaren arabera, mendira ehizara joaten zenak, haraino joan ezkero, ez bazuen posturik lortzen ez zen etxera bueltatzen, eta hortxe sortzen ziren arazoak. Posturik gabe geratzen ziren horiek leku debekatuetan  geratzen ziren edo ehizarako tokia lortzen zutenaren jarduna oztopatzen zuen tokietan. Hori ekiditeko, esan bezala, zozketak soziedadeetara eramatea erabaki zen, eta Gi­puzkoan,  Txantxan­gorri El­kartekoak bigarrenak izan ziren zozketa elkartean egiten.
Aurtengo beda, hasi besterik ez da egin, baina ehiztariek denboraldi ona espero dute. Oraingoz, ez da uso askorik ikusi, baina birigarro batzuk pasa dira jadanik. Orain arte, eguraldiak ez du gehiegi lagundu eta hegaztien migrazioak laguntzen dituen hotz gogorregirik oraindik ez da izan Europa iparraldean. Halere,  ehiztariek, adi-adi mantendu beharko dute beraien begirada zerurantz, izan ere,  azken urteotan egun oso gutxitan konzentraturik pasa baitziren uso gehienak. 
Oraingoz, esan bezala, ehiztariek ez dute Hernaniko zeruetan harrapatzeko he­gazti gehiegi ikusi baina ehiztari beteranoenek azken 20-25 urteetan eman den beherakadarentzako bestelako arrazoiak ematen dituzte. Beraien esanetan usoak eta beste hegaztiak gaur egun ez dira lehen bezala sartzen Hernani inguruan. Askoren ustez, azken urteetan eraiki diren autobide handiak eta inguru hauetan egindako urbaniza­tze prozesuak dute errua. Horren ondorioz, hegaztiek bere migrazioak egiteko kostako bideak hartzen dituzte askotan.
Hala ere, urtero bezala, ehiztariek ilusio haundiz hartu dute beda irekiera hau eta dagoeneko askok beren eskopetarekin eta txakurrekin mendian disfrutatzeko parada izan dute dagoeneko. Batzuek bere lehen piezak ere botako zituzten, eta hainbesteko zortea izan ez dutenak, irrikaz begiratzen ariko dira zerurantz usoak eta birigarroak noiz pasako zain. Beraz, datozen hilabeteetan, ez dira faltako tiro hotsak gure mendietan.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!