hernanin lehenetsi beharreko ekipamenduen inguruko erakusketa ibiltaria jarriko da martxan gaur. Biterin hasiko da eta azaroaren 29ra arte herriko puntu ezberdinak pasako ditu. Udalak azaldu duenez, «erakusketa honen bidez, azaroaren 23tik 29ra Udalak lehenetsi beharreko ekipamendua zein den erabakitzeko egingo den herri kontsultaren berri eman nahi zaie ahalik eta hernaniar gehinei».
Informazio ugari
Erakusketan, honako informazioa egongo da: ekipamendua hautatzeko parte-hartze prozesuari buruzko informazioa; azaroaren 23tik 29ra Biterin egingo den herri kontsultaren xehetasunak; eta hautatu daitezkeen hiru ekipamenduen gaineko azalpena, hau da, kultur gunearen, igerilekuaren eta Gudarien eta Tilosetako plaza eraberritzearen inguruko informazioa.