antzerki Zikloa datorren astean, hilaren 20tik 22ra izango da, hau da, asteartetik ostegunera. Antzezlanen bat ikusi nahi duenak gaurtik aurrera izango du aukera sarrerak erosteko. Biterin egongo dira salgai 5 euroan. Erdiak goizean 09:00etatik aurrera jarriko dituzte salgai eta beste erdiak ilunabarreko 19:00etatik aurrera.
Gaurkotasuna duten gaiak landuko dira
Antzerki Zikloan hiru antzezlan eskainiko dira eta hirurek gaurkotasun haundiko gaiak landuko dituzte. Lehenengo antzezlana datorren asteartean izango da eta Marika de playa izeneko lana antzeztuko dute. Bertan, Mila Espiga eta Patxi Perez aktoreek krisialdi bati buruz eta krisi askori buruz hitz egingo dute eta bide batez, baita barrea eragin ere.
Hurrengo lanean, Kanpaiak jo bitartean izenekoan, Ugaitz Alegria eta Libe Aranburuk irudikatuko dituzte amatasun sena piztu eta hazia jartzera doan amagaia eta hazia ematera doan gizona. Umorea eta kaosa elkartuko dira oholtza gainean.
Lola ikusten baduzu, esan aberatsa dela izango da Antzerki Zikloko azken antzezlana. Bertan, misterioa nagusituko da Lierni Fresnedo, Kandido Uranga eta Ainhoa Aierbe aktoreen eskutik. Desagertutako irrati esatari baten eta bere bila dabiltzanen gora beherak kontatuko dituzte.
Datorren astean Biterin
Antzezlanak datorren asteartetik ostegunera eskainiko dira eta guztiak Biteri kultur etxean izango dira arratsaldeko 20:00etan.