Krisiari aurre egiteko hamar pauso azaldu dituzte sei sindikatuk

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 14a, 02:00

euskal Herriko sei sindikatuk, ELA-LAB-ESK-STEE­/­EILAS-EHNE eta HIRUk, krisia borrokatzeko eta ekonomia eta gizarte eredu berri bat lortzeko prestatu duten dekalogoa aurkeztu zuten atzo, Biterin emandako pren­tsaurrekoan. Iker Urruzola ELAko ordezkariak eta Joxe Atxe LABeko ordezkariak azaldu zu­tenaren arabera, «maia­tzak 21eko greba orokorraz geroztik, krisiaren ondorioak larriagotu egin dira, patronalak lehen baino bortitzago egiten dituelako bere eskakizunak» eta horrez gain, Gober­nuek egoerari erantzuten ez dioten politikak aplikatzen jarraitzen dutela gaineratu zuten. Hori horrela, egoera aldatuko duen hamar neurri bildu dituzte eta dei egiten diete Gasteiz eta Iruñeako gobernuei eta Foru Aldun­di­ei, epe laburrean neurri hori­ek hartzera.


Hamar urrats «gauzagarri»
Sindikatuek azaldutakoaren arabera, dekalogoak biltzen dituen hamar urratsak «be­ne­tako borondate politikorik balego guztiz gauzagarriak lirateke». Honakoak dira dekalogoa osatzen duten urratsak labur azalduta: 1.- Langileak ez aise kalera­tzea eta enplegu honen kalitatea hobetzea. 2.- Lan baldintzetan berdintasuna bermatzea. 3.- Prestazio sozialak ugaltzea. 4.- Zerga politika bidezkoa eta progresiboa ezartzea. 5.- Osasun eta hezkuntzaren gastu publikoa igotzea. 6.- Zenbait eskubide legez onartzea. 7.- Sektore publikoa bultza­tzea. 8.- Askatasun sindikala bermatzea, gehiengo sindikalak errespetatzea eta greba eskubideari oztoporik ez jartzea. 9.- Politika ekonomiko eta sozialen diseinuan parte hartze soziala sustatzea. 10.- Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua bultzatzea Hego Euskal Herrian lege propioak izan ditzagun.


Gizarteratu eta sinadurak bildu
Sindikatuek dekalogoa za­bal­tzeko, kanpaina egingo dute urte bukaera bitartean. Beren erreibindikazioa gizarteratzea dute helburu eta babesa emango dioten sinadurak biltzea. Horretarako, sei sindikatuek ordezkaritza duten enpresetan batzarrak egingo dituzte eta ordezkaririk ez duten enpresetan ere ahaleginduko dira asanbladak egiten bertako ordezkariekin. Sinadura bilketa lehenik langileengana zuzenduko da baina kalera ere zuzentzea pentsatzen dute. Sinadurak Gasteiz eta Iruñeako gobernuetan aurkeztuko dituzte kontuan hartu ditzaten. Abendura bitartean bi kontzentrazio ere egingo dituzte, baina zehazteko daude.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!