Larrazpil: Aralar ekialdeko gailur ezezaguna

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 11a, 02:00

Mendiriz Mendik hilabete honetan proposatutako ibilbidea Aralar ekialdean dago. Larrazpil, gertu dagoen Iruaundi mendiarekin batera, Aralarren ekialdera gehien kokatuta dagoen gailurra da. Hori dela eta, Aralarreko gailur ezezagunetako bat dugu.

Datu interesgarriak
Mendi honen goipartea pagoz josita dago eta beraz gailurretik ez da inolako paisaiaz gozatzen. Gailurra pagadi baten barruan kokatuta egotea ez da oso gauza arrunta Euskal Herriko mendietan. Inguru hau, Aralar guztia bezala, eremu karstikoa denez dolinaz josita dago. Kontuz ibili behar da. Goiko zatia, 1.000 metrotik gorakoa, eremu zabala da eta erliebearen uniformitate ezak eta pagadiak erraztu egiten dute orientazioa galtzea. Behe-lainoa bada, derrigorrezkoa da iparrorratza eramatea.
Inguru hauetan Nafarroa osoan aurki daitekeen trikuharri ederrena dago. Oso ongi kontserbatuta dago eta ezaugarri arkitektoniko bereziak ditu. Monumentu megalitiko hau brontze garaikoa da, kristo aurretik 2.000 urte ingurukoa. Trikuharriak 22 metroko diametroa eta 3 metroko altuera ditu.

Ibilbidearen deskribapena
Etxeberritik eskuineko pista hartu. Berehala basoan sartuko gara. Basotik igo, bi soroen erditik pasa ondoren, basotik jarraitu behar da pista batekin topo egin arte. Hemen eskuinera hartu. Pista jarraitu eta mendebaldera jotzen duenean, pista utzi eta ipar aldera, gorantz, jotzen duen bidexka hartu.
Basotik ateratzean, atzean, Bi Haizpeek eta Erga mendiak osatzen duten paisai ikusgarriaz gozatzeko aukera izango dugu. Hemendik ere, Sakana nafar eskualdearen bista ederra dago.
Basoan bira bat eman ondoren, bidea krestara itzultzen da eta hesi baten albotik jarraitzen du. Berriz ere, tarte txiki batean, basoan sartzen da, baina berehala berriz eremu ireki batera iristen gara. Larrazpileko trikuharria gertu da.
Gailurra baso barruan dago eta behe-lainoarekin zaila da aurkitzea. Ipar aldera egin be­har da eta 10 minutun han gara. Buzoia aurkitzen dugunean gailurrean gaudera badakigu.
Trikuharria dagoen lekura bueltatu eta mendebaldera egin. Basoan sartzerakoan hego aldera egin behar da. GR 20.3ko markei jarraituz Madotzeko gainera eramango gaitu. Pista batekin aurkitzerakoan ezkerrera egin behar da. Pistak Madotz herria baino metro batzuk aurrerago eramango gaitu. Errepidea gurutzatu eta Aralar aldera egin behar dugu. Bidea kilometro eta erdi jarraitu ondoren ezkerrera biratu eta jaisten hasi behar da. Basoan sartu eta bideak behera egiten du. Bidezidor galdua, estutu egiten da. Olazabalgo pasabidea da. Pasabide hau ere Berastegiko Harratea izenarekin ere ezagutzen da eta Madelanaitz (860 m) eta Urbaran edo Aritzabal (745 m) mendiek osatzen duten kresta erdibitzen du. Pasabidea zeharkatzerakoan, ezkerrean, harrizko monolito ikusgarri eta ederra ikusiko dugu. Pasabidetik ateratzerakoan harizti ikusgarri batean sartuko gara eta piska bat aurrerago, soro polit baten erdian, Berastegiko basaeliz erromanikoa dago. Basotik ateratzerakoan pista batekin aurkituko gara. Pista ezker aldera jarraitu behar da. Arakil ibaia zeharkatu ondoren Hiriberrin gara. yy

l Distantzia: 12-14 Km.
l Denbora: 4-5 ordu.
l Desnibela: 600 m.
l Gailurrik altuena: 
Larrazpil (1.064 m).
l Zailtasuna: Zailtasun
berezirik gabekoa.
l Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
l Mendiriz Mendik
urriaren 18an
egingo du irtenaldi hau.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!