Hernanin jaio, hezi, bizi eta lan egiten duzu. Liburuaren kontraportadan zure auzoa miresten duzula eta Hernaniarra izateaz harro zaudela igartzen da...
Noski baietz! Oarso auzoa da hor aipatzen dudana. Txikia zen, baina nire haurtzaroa harrigarria izan zen. Oso harro nago Oarson bizi izanagatik. Kanpoan nagoenean nongoa naizen galdetzen didatenean, beti Oarsokoa esaten dut. Hernanikoa? Bai noski.
Informatikako ikasketetan hasi zinen eta gero magisteritza egin zenuen. Idazle bihurtzea ez zegoen zure asmoen artean. Nola sortu zen ideia hori?
Ez, inoiz ez nuen hori imajinatu. Nire anaiak, lagun batzuek eta nik literaturarekin harreman estua izan dugu betidanik. ´El Señor de los Anillos´ eta beste hainbat liburu komentatzen aritzen ginen. Gainera, liburutegiko bi arduradunek, Evak eta Rakelek, fantasiazko liburuak gomendatzeko eskatzen ziguten. Azkenerako, kristoren liburu bilduma irakurri genuen. Batzuk benetan oso txarrak ziren eta askotan denbora galtzen ari ginela pentsatzen genuen. Horrela, 20 urte nituela, ideia bat izan nuen. Adoleszentziatik atera berri eta nire buruaz oso harro, liburu horietako batzuk baino hobeak idazteko gai nintzela uste nuen (parrez). Gainera, hasieran informatika ikasten hasi nintzen eta oso zaila zen. Orduan, gero, magisteritzan sartu nintzenean, denbora asko nuen eta eskemak egiten hasi nintzen, pertsonaia guztiak pentsatzen...
Ideia horiek aurrera eraman eta 2006an LibrosEnRed argitaletxearekin lehenengo liburua atera zenuen.
Bai. Hori internet bidezko argitaletxea da. Edozein gauza idatzi eta email baten bidez, dirua badaukazu, beraiekin harremanetan jarri eta argitaratzen dizute. Orri kopuruaren arabera gehiago edo gutxiago ordaindu eta listo. Nik hasieran 50 ale atera nituen, baina berehala desagertu ziren eta bigarren edizio bat eskatu nuen. Ehun gehiago eskatu nituen eta, horrela, 150 ale saldu nituen, gehienak Hernanin.
Zu zeu arduratzen zinen liburuak saltzeaz?
Bai. Argitaletxeari ordaintzean nire bihurtzen ziren liburuak eta horiek salduz dirua berreskuratzea nire kontu geratzen zen. Egia esan, oso esperientzia polita izan zen. Gero bi urte pasa ondoren, bigarren liburua prest neukan eta berriro argitaletxe berarekin harremanetan jartzera nindoanean, 2008ko urtarrilean «Mundos Epicos» argitaletxe berria agertu zen. Liburuaren webgune bat daukat eta horren bidez, email bat jaso nuen nire literaturan interesaturik zeudela, eta nire liburua argitaratu nahi zutela esanez. Beraiek Estatu osoan egiten dute banaketa eta hori oso aukera ona zen niretzat.
Argitaletxe aldaketa horrek esperientzi berri asko ekarri al zizkizun?
Bai batez ere, aurkezpenekin. Horrezkero bidaia dezente egin ditut. Ez nahi bezain beste, nik ordaindu behar ditudalako, baina Valentzian, Madrilen... aurkezpenak egiteko aukera izan dut eta harrigarria izan da. Valentzian adibidez, konbentzio batean, ia 30 idazle ospetsu bildu zituzten eta horien artean norbere burua ikustea oso esperientzia polita izan zen.
Horretaz gain, Fenix Elkarte Literarioan sartzeko eskatu zizuten, ezta?
Bai. Valentzian eta Madrilen dagoeneko existitzen ziren eta orain Euskadin ere bada. Gauza asko egiten dituzte: konbentzioak, literatur tailerrak, irakurketak... Eta hemen ere halako bat sortu nahi zuten.
Liburua Estatu osoan zabaldu ahal izatea pozgarria izan zen, baina Hernanin liburua aurkeztean eta liburu azokan stand bat izatea berezia izango da, ezta?
Bai. Gainera, ezagun dezentek hasieran ez zekiten liburu bat idatzi nuenik. Gertukoek bai, baina adibidez, nire futbol taldekoek edo KZguneko ikasleek ez zekiten eta batzuek standean ikusten nindutenean ea liburuak saltzen nenbilen galdetzen zidaten. Nik idatzitako liburua zela esatean, harrituta geratzen ziren. Azkenean nire afizioa besterik ez da. Denbora asko eskatzen du eta horregatik, ia lau urte pasa dira nire bigarren liburua ateratzeko. Baina nik beti esaten dut ez naizela idazle profesionala. Bestelako lanik izango ez banu, eta etxean idazten aritzeko aukera banu, urte batean aterako nuke. Hori da nire ametsa: nire etxean egotea, bakarrik idazten eta lan egin gabe.
Lehenengo liburua eskuartean izatea zure bizitzako esperientziarik onenetarikoa izan zela esan zenuen. Bigarren liburuarekin hori errepikatu al da?
Desberdina izan da. Bigarren liburu honekin nire ilusioa oso handia da, baina batez ere, jendeak zein iritzi duen jakiteko ilusioa. Aurkezpen batzuk dagoeneko eginak nituen eta hunkigarria da, baina, batez ere, jendeari iruditu zaionaren zain nago. Hala ere, liburua atera berri da eta oraindik goizegi da horretarako.
Zertan desberdintzen dituzu
bi liburuak?
Lehenengo liburuan erredundantzia asko egiten nuen. Idazten nuen bitartean istorioan oso sartuta nengoen eta ez nuen nabaritzen. Baina gero, zuzentzaile profesionalari bidali nionean, zuzenketaz beterik itzuli zidan. Ortografia aldetik ez hainbeste, baina beste gauza askorekin bai. Adibidez leismoarekin euskaldunok akats asko egin ohi ditugu. Bigarren liburuan berriz, askoz ere akats gutxiago izan ditut. Akatsak oraindik egiten ditut noski, baina ez hainbeste.
Nola definituko zenuke zure idazteko estiloa?
Entretenigarria eta erraza. Nik beti arintasuna eta entretenimendu purua bilatzen dut. Beti esaten dut fantasiazkoa baino gehiago, nik abentura liburu bat idatzi dudala. Fantasiazkoa bada, baina batez ere, abenturazkoa.
Fantasiazko liburua izanik, imajinazioa ezinbesteakoa da. Nondik ateratzen duzu inspirazioa?
Denetarik. Adibidez zinematik esaldi asko hartu ditut. Baina noski, literaturako erreferentziak ere hartu ditut: ´El Señor de los Anillos´, ´La Guerra de las Galaxias´... Eta ezagunak diren horietaz gain, liburu asko irakurri ditut eta horiek guztiek eragin haundia izan dute nik idatzitakoan.
Imajinazioa bai, baina errealitateko hainbat txoko eta pertsonari omenaldia egin nahiean,
kamuflaturik, baina liburuan agertzen direla azaldu zenuen aurkezpenean.
Bai. Adibidez, liburuko esaldi batzuk nire lagunen esaerak dira. Batek esaterako, ´¡Qué estupendo!´ esaten du beti eta nire pertsonaietako batek ere hala esaten du. Horrelako omenaldiak egin nahi izan ditut eta lagunak ohartzen dira. Bestalde, hemengo zenbait lekuri ere omenaldia egin nahi izan diet. Guk Hernanin ere badugu gure mendia, Santa Barbara, eta izena aldatuta, baina nire liburuan ere agertzen da. Pirinioetan ere, paseotxo dezente egiten ditut, eta liburuan kamuflaturik agertzen da. Ez du ´hau Ordesa da´ jartzen, baina ezagutzen baduzu, deskribapena irakurri eta ohartzen zara.
Gazteleraz idatzitako liburua da, baina euskarak badu presentzia zuk sortutako Duark arrazarekin. Izan ere, euskara berezi batean hitz egiten duten izakiak dira, zibilizaziotik urrun bizi direnak.
Bai. Madril aldean eta, asmaturiko hizkuntza bat dela pentsatzen dute. Jendeak, nik ere hori egin dudala uste du, baina ez. Nik horretarako euskara erabili dut, baina goizuetarrenaren edo amezketarrenaren antzekoa. Duark-en arraza da euskara xelebre horretan hitz egiten duena. Oso gutxi dira eta bailara izkutu batean bizi dira. Jende guztiak ea hizkuntza hori nondik atera dudan galdetzen dit. Hemengo jendeari zuzendu nahi izan diodan omenaldirik handiena da. Gainera, Euskadin genero hau ez dago besteetan bezain zabaldua eta liburua irakurtzen dutenei eskainia izan da.
Fantasia generoa, orokorrean, ez da izaten asko irakurtzen dena edo jende asko erakartzen duena.
Zer esango zenioke jende horri zure liburua irakurtzera animatzeko?
Azken finean abenturazko liburu bat dela. Mundu guztia joaten da zinemara ´Piratas del Caribe´ bezalako filmak ikustera. Eta hori azkenean zer da? Abenturazko pelikula bat. Jende askok nire liburua begiratu eta pentsatzen du oso arraroa izango dela, 2000 izen desberdin eta arraroak azalduko direla... Baina ez. Nire liburuan hamar pertsonaia daude eta lau kapitulutan denak azaltzen dira.
Elfoak, magoak, enanoak... Denetik dago zure liburuan, zeinekin sentitzen zara identifikatuen?
Nik sortutako pertsonaiak dira eta guztiek dute nire zerbait, baina dudarik gabe, magoarekin identifikatzen naiz. Bera oso bordea da liburuan eta ni batzuetan ere bai. Magoa ni haserre bezelakoxea da.
Oraindik galdetzeko goizegi da agian, baina zer moduz doaz bigarren liburuaren salmentak?
Irailaren 11n atera zen liburua eta hiru hilabete pasa arte niri ez dizkidate informeak bidaliko. Baina nik neuk, hemen Hernanin, dagoeneko 50 saldu ditut eta pozik nago.
Hurrengo helburua triologia bukatzeko hirugarren liburua idaztea izango da, ezta?
Hainbeste denboraren ondoren, bukatzeak ez al al dizu penarik ematen?
Jada liburu erdia idatzia daukat. Egia esan, orain bukatzeko gogo haundia daukat. Gerora, agian pena sartuko zait, baina pentsa hamarkada bat daramadala triologia hau idazten. Nik uste dut, dena ondo joanez gero, bi urtetan bukatuko dudala. Baina idazten jarraitzeko asmoa daukat.
Zein da zure hurrengo proiektua?
Nire haurtzaroaren inguruko fantasiazko zerbait izango da. Oso polita izango da. Oraingo triologia luzea eta jende guztiari zuzendutakoa da. Beste hau berriz, ipuin bat bezalakoa izango da: ez oso luzea eta umeentzat aproposa.