«Pelota partiduez gain, erromeriak, bazkariak, kuluxkak... denetik ezagutu dugu frontoian, baita txerri hiltzea ere»

Kronika - Erredakzioa 2009ko urr. 10a, 02:00

IGANDE batean Benta Be­rri­ra joaten denak bapo bazkaldu dezake eta bazkalondoa luzatu, berriketan, edo pelota partidu arin bat eginda. Asko dira Benta Berriko frontoia ezagu­tzen dutenak, baina gutxi, bertako kontuak Koro Aizpurua eta Sebastiana Biu­rra­rena ama-alabek bezain ondo dakizkitenak. Hamaika dira, gaur egun Benta Berrin pelotan aritzen diren koadrilak, ordu jakinean, eta aldez aurretik erreserba eginda. Garai batean ez zen hala izaten, baina jendea gaur adina izaten omen zen, auzotarrak eta hernaniarrak batez ere.


Auzotarrentzat egina
Bautista Biurrarena eta Joa­ki­na Otxotorena senar-emaz­­teek egin zuten frontoia 1941ean. Lau urte lehenago egin zuten jatetxea, mendiari puska ederra jan­da: «hau zan harkaitz puska bat, eta gerra denboran, aitona eta amona Aba­­ñon bizi ziran, eta hemen egin zuten etxea. Handik hiru urtera egin zuten frontoia, etxearen bazterrean» dio Koro Aiz­pu­ruak. Auzotarrak buruan zituztela egindako frontoia da Benta Berrikoa. Garai hartan jolaserako aukera haundirik ez, eta inguruko gazteak joateko egina. Gerra hasi berrian egin zen etxea, eta gerra ostean frontoia. Kostuek ere ederki adierazten dute hori. Kuriositate moduan aitatu diote kontua Kronikari Korok eta Sebas­tia­nak: 1937an egin zuten etxea, 28.000 pezetan. Lau urte beran­duago, frontoia egitea 52.000 pezeta kosta zen.


15,50 m luze eta 6,90 m zabal
Ez du aldaketa haundirik izan frontoiak, egin zutenetik. Hasierako neurriak manten­tzen ditu (15,50 metro luze eta 6,90 metro zabal). Teilatua ere beti izan du, eta baita atzeko balkoia ere. Errefor­ma­ren bat gora behera (teilatua, paretak, txapa...), izan dituen aldaketa bakarrak, ar­giak, komuna eta dutxa ditu, orain dela 45 urte jarriak. Frontoiko sarrera ere lehen etxe barrutik zen, eta gero kanpotik jarri zuten. Hasieratik jarritako beste ohitura bat da frontoia ez kobratzea, Kororen esanetan: «aitonak ez zuen inoiz frontoirik kobratzen. Argia eta dutxa bai, baina frontoia ez zuen xoxik kobratzen. Eta geroztik guk berdin-berdin jarraitzen dugu. Amak-eta ere bai, eta nik ere bai».

Jende asko eta denak eskuz
Hasieratik, jende pila bat izaten zen Benta Berrin. Ko­txe­rik ez zen, eta batzuk bizikletan joaten ziren, besteak taxian... Asteburuan izaten ziren gehienak eta beti eskuz jokatzen zuten. Korok gogoan du jendea etxean bezala ibiltzen zela. «Orain dutxak diren ho­rretatik zuen sarrera frontoiak, eta jendea hor ibiltzen zen, galdetu ere egin gabe, aurrera eta atzera. Goiko balkoian ere jendea izaten zen, partiduak ikusten, gora eta behera, gu ez ginen enteratu ere egiten...».

Jende famosoa bertan izana: Juan Inazio Retegi...
Gaur bezalako txapelketarik ez da inoiz egin izan, baina entzutetsuak egin ziren Ben­ta Be­rriko pelota partidu eta apustu batzuk: orain dela 40 urte inguru, hernaniarren batek 60.000 pezeta jokatu omen zituen, esate baterako. Pe­lotari eza­gunak ere joaten omen ziren bertara: Juan Inazio Retegi, Retegi Ia, maiz joaten omen zen Benta Berrira, Ituarte, Ma­nolo Ezponda eta Patxi Ben­goetxearekin... Julian Retegi bera ere jokatutakoa omen da bertan... Jokatzen zuten beste pelotari ezagun batzuk: Mar­ce­lino Bergara eta Salbador Ber­gara, edo gertuagokoak, Javier Narbarte, eta Joxe Mari, Isaac eta Jose Julian Salaberria; edo gaur egun izar haundi direnak, Asier eta Aimar Olaizola.


Erromeriak, bazkariak, eta txerri hiltzea
Jende pila bat izaten zen Benta Berrin. Sarri izaten zen festa-giroa, eta jende asko pilatzen zenean, frontoian egiten zituzten festak. Astero bilara edo erromeria izaten zuten igandeetan. Soinu jotzaile asko pasa omen ziren bertatik, Xatur Agirre, Agustin Agirre, Tarra­gona... mahaiaren gainean jar­tzen omen zituzten eta handik ari­tzen omen ziren. Hala ere, ez zuten beti soinujotzailearen beharrik izaten. Ondo gogoan du Sebas­tia­nak orduko giroa: «jendea festarako amorratzen egoten zen. Ordu­koak oso festa politak izaten ziren, norberak kantatu eta norberak dantzatu» Bazkari haundiak eta txerri hiltzea ere frontoian egiten omen ziren, eta festa ondoreneko logaletuen ohe ere izan omen da behin baino gehiagotan. Kontua da, Benta Berriko frontoiak sekretu asko dituela gordeak, inoiz jakingo ez direnak.

«Bada koadrila bat, 42 urtean etorri dena, lauen artean pasatzen dute urtez, 282 urte»
Ramon Vizcainoko langileak 1967an joan ziren lehenengoz Benta Berrira. Geroztik, ohitura hartu eta asteartero joaten dira huts haundirik gabe, 42 urtean. Errituala jakina dute: 17:00etan iritsi, kafea hartu, pelotan ari, 19:00etan kantu saioa egin, 20:00etan afaldu, kafea eta kopa hartu, mus partida egin, berriz kantatu, eta garaiz xamar etxera.  

Laukote bat
35 urte ia hutsik egin gabe:
«Ostiraleroko plana guretzat sakratua zen»

beste laukote batek ere marka haundia jarri zuen Benta Berrin. Jose Joakin Esnal, Jose Joakin Apezetxea, Jose Antonio Zubeldia eta Txema Esnal ostiralero joan ziren Benta Berrira, 35 urtez. Tokezko pelotarekin aritzen ziren, eskuz, Billabonatik propio ekarritako pelotarekin. Jose Joakin Esnalen esanetan, «ostiraleroko plana sakratua zen guretzat. Pelotan ari, afaldu, musean jokatu eta etxera». 12 urte dira pelotan joka­tzen ez dutela, baina
afariaren plana ez dute erabat utzi. Urtean 4 aldiz joaten dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!